Txikilandia jolasa eta euskara uztartuz dator, urtarrilaren 2tik 4ra

Koldo Zubia Salas 2025eko abenduaren 11

Urtarrilaren 2, 3 eta 4an izango da datorren Txikilandia. 35 urte beteko ditu ekimenak aisialdi hezitzaile euskalduna sustatzen, eta, urtero bezala, neguko opor hauetan ere, hainbat ekintza antolatu dituzte herriko hiru gunetan: Musakolako igerilekuan, Uarkapen eta Gaztetxean.

Urtarrilaren 2an, Musakolako igerilekuan emango diote hasiera Txikilandiari. Igerileku handian puzgarriak jarriko dituzte eta igerileku txikian berriz, material ugari egongo da haur eta familien eskura, hala nola; esterilak, txurroak edo tablatxoak. Ur parkea 10:30etik 13:30era egongo da zabalik. Arratsaldean eta urtarrilaren 3 eta 4an, Uarkapen eta Gaztetxean jarraituko du Txikilandiak. 

Uarkapen, rokodromoa, jolas gunea, lau urtetik beherakoentzako gunea, ipuin txokoa, ohe elastikoak, puzgarriak eta gela iluna izango dira. Gaztetxean aldiz, aurpegi margoketa eta sormen gunea egongo dira. Gainera, bederatzi urtetik gorakoendako, Ekintzen laborategia ere prestatuko dute. Urtarrilaren 2an txapa, pegatina eta tatuaje tailerra jarriko dituzte; 3an, ihes bidea eta esperimentazio gunea egongo dira, eta, azken egunean, look aldaketa, ihes bidea eta Sua! jolasa. Disko festa batekin emango diote amaiera Ekintzen laborategia-ri, gaztetxean, 19:00etan.

Musikarik gabeko orduak

MondraTEA elkartearekin elkarlanean adostuta, aurtengo berritasunetako bat, musikarik gabeko orduak izango dira. Goizez, 10:30etik 12:00etara eta arratsaldez, 17:00etatik-18:00etara, musika etengo dute sentsibilitate sentsorial handiagoa duten haurrak erosoago sentiarazteko helburuarekin. "Neurri hau haurren beharrak kontuan izanik hartu da, eta aurreko edizioetan izandako esperientzietan oinarritzen da, non soinu jarraituek haur batzuengan nekea edo urduritasuna eragin baitzuten", azaldu dute antolatzaileek. 

Ezkerretik eskuinera, Gladys Fernandez zinegotzia, eta Naia Zuazubiskar, Ixiar Okina eta Jone Axpe, Txikilandiako koordinatzaileak.

 

Horrekin batera, 12:00etan eta 18:00etan ipuin kontaketa eta karaokea izango dira egunero –ipuin kontaketa ipuin txokoan egingo dute, eta karaokea kantxa nagusian–. Herriko komertzioek eta inguruko elkarteek emandako produkturen zozketak ere egongo dira arratsaldez: "Parte hartzaileek sarreran emango zaien galdera erantzun beharko dute produktu ezberdinen zozketan sartzeko".

Sarrerak eta bonuak

Txikilandiako sarrerak eta bonuak egunean bertan eskuratu ahalko dira ekintzak izango diren guneetan. Prezioei dagokienez, 1-3 urte bitartekoen sarrerak hiru euro balioko ditu, eta, bonuak berriz, 5,50 euro. Lau urtetik gorakoen kasuan, sarrerak, 4 euroko prezioa izango du, eta, bonuak aldiz, 9 eurokoa. Bestetik, Belaunaldiartekotasun zinegotzia den Gladys Fernandezek  gaineratu duenez, Arrasateko Udalak, 200 bonu bideratuko ditu familia zaurgarrietako haurrentzat: "Datorren astean gizarte zerbitzutatik mezu bat bidaliko zaie familia hauei, bonuaren bila joan daitezen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak