Arrasateko Akordeoi Jaialdiko Arrasate Hiria nazioarteko lehiaketako garaileak izan dira Jonas Vozbutas eta Zimu Wang, ex aequo irabazi dute-eta txapelketa nagusia. Gainera, Nazioarteko II. Arrasate Hiria akordeoi eta ganbera musikako lehiaketari dagokionez, Jessica Reis (Portugal) eta Maria Benitezek (Espainia) osatutako Hava Duo taldea izan da garaile. Poloniatik etorritako Chlap & Wajdzik Duo taldeak eraman du epaimahaiaren aipamen berezia.
Gainera, Gipuzkoako XLV Lehiaketa XX-endako izan da. Haur mailan lehenengo saria Francisco Javier Jaso Abaigarrek eskuratu du; gazte mailan lehenengo saria Urtzi Larrabeiti Zuberok eskuratu du eta, senior mailan, lehenengo saria, Gabriel Dominguezek irabazi du.
Saritu guztiek Amaia antzokian egin den sari banaketan jaso dituzte euren garaikurrak eta txapelak, eta bakoitzak pieza bana eskaini die bertaratutakoei.
Jaialdiari hasiera iazko garaile Vladimir Stupnikovek eman zion, egubakoitzean, Kulturaten eskaini zuen kontzertu berezian. Errusiarra bira berezi bat egiten ibili da azken asteetan Europa hegoaldetik, eta birari amaiera Arrasaten eman zion, egubakoitzean.
Zapatuan urteroko harrera berezia egin zien musikariei Arrasateko Udalak, eta pleno aretoan akordeoi doinuak entzuteko aukera ere izan zen, Bela Brichzin alemanirraren eskutik. Maide Morras alkateak ongi etorria eman zien jaialdiko epaimahaikideei, akordeoi-joleei eta haien senideei, eta Hauspoz elkarteak, bestetik, Arrasatek akordeoiaren zabalkundean eta garapenean duen garrantzia azpimarratu zuen.