Itxaronaldi luze baten ondoren, Mondragon Futbol Taldeko kudeaketa batzordeak zuzendaritza talde berria aurkeztu du Mojategin. Gaur arratsaldean egin dute talde berria aurkezteko batzarra, eta, bertaratu diren bazkideek aho batez onartu dute zuzendaritza taldea. 13 kidek osatzen dute zuzendaritza talde berria: hain zuzen, Haritz Arabiourrutia zuzendariak, Unai Gordes lehendakariordeak, Gaizka Iturriotz idazkariak, eta beste hamar bokalek.
Xabier Etxeberria Mondrako presidente ohiak azaldu duenez, aurreko zuzendaritza taldeko kideentzat lasaitasun handia izan da erreleboa hartzeko prest dagoen talde bat aurkeztu izana. Eta, era berean, presidente ohiak nabarmendu du kudeaketa batzordeko kideak "edozein unetan zuzendaritza berriari laguntzeko prest" egongo direla: "Gurekin egon dira ikasteko zein den karguak eskatzen duen inplikazioa, eta haiek ere badakite hemendik aurrera ere edozertan laguntzeko prest egongo garela".
Hala, futbol taldeko zuzendari berriak gaurko bilera baliatu du taldeak "gogotsu" hartuko duen erronka bat dela azaltzeko, eta baita zuzendaritza talde ohiari eskerrak emateko ere: "Orain arte egon den zuzendaritza taldeari eskerrak eman nahi diot azken urteetan egindako lanarengatik".
Talde guztiak denboraldian murgilduta daudela, hasiera batean zuzendaritza berriak taldearen dinamikarekin jarraitzea izango du helburu. "Pausoz pauso. Hasiera batean, orain arteko zuzendaritzaren laguntzarekin egin dituzten eginkizunak hartzea da helburua, eta, hortik aurrera, bai kirol arloan eta bai sozialki taldeak hazten jarraitzea", adierazi du Gaizka Iturriotzek, zuzendaritza taldeko idazkariak.
Mondragon Futbol Taldeko zuzendaritza taldeak aurtengo uztailean eskatu zuen dimisioa. Errelebo faltaren ondorioz, kudeaketa batzordeko lanetan aritu ziren, eta, irailearen 25ean egindako batzar orokorrean hilabetez luzatu zuten zuzendaritza talde berri bat osatzeko epea. Batzar orokorrak zenbait bazkideren interesa piztu zuen, eta, kudeaketa batzordeko kideen laguntzari esker, bi hilabeteren ondoren, interesatuta aurkeztu ziren bazkideek zuzendaritza talde berri bat sortu dute.