400dik gora interprete elkartuko ditu egubakoitzetik domekara egingo den Arrasateko akordeoi jaialdiak

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko abenduaren 2a

Egubakoitzetik domekara bitartean jokatuko da Arrasateko Akordeoi Jaialdia. Jatorri eta maila askotako 400 bat akordeoilari elkartuko ditu hiru lehiaketa eta jaialdi bat hartuko dituen ekimenak. 

Gaur aurkeztu dute Arrasateko Akordeoi Jaialdia Hauspoz elkarteko Maria Zubimendik eta Maitane Arretxek. Alboan izan dituzte Arrasateko alkate Maider Morras eta udal zinegotzi zein Arrasate Musikaleko ordezkari den Andoni Arratibel.

Arretxek esan du zalantzarik gabe nazioarteko akordeoi lehiaketa dela sona handieneko hitzordua. Aurten, maila handiko hamahiru lagunek hartuko dute parte: Ibon Asua (Euskal Herria), Marta Cubas (Espainia), Mihaela Hitkova (Bulgaria), Slodoban-Boban Marinkovic (Eslovakia-Serbia), Teodor Marinov (Bulgaria), Ferran Martinez (Katalunia), Elisabeth Müller (Austria), Lucie Nigoul (Frantzia), Kiia-Maria Piispa (Finlandia), Aleksandr Popokov (Errusia), Deny Vogrin (Eslovenia), Jonas Vozbutas (Lituania) eta Zimu Wang (Txina).

Jaialdiaren izaera hezitzailea ere azpimarratu du, ordea, Arretxek. Aurten, gainera, gora egin du izen-emateak Gipuzkoako musika eskoletako ikasleendako den jaialdian parte hartzeko. "Aurten, 390 parte-hartzaile izango dira Gipuzkoako jaialdian. Parte-hartze handia da eta seinale oso ona da denontzako. Oso gustura gaude emaitza horiekin", esan du. 

Emanaldi guztiak doan

Emanaldiak Amaia antzokian, JAMEn eta Kulturaten izango dira eta kasu guztietan sarrera doan. Jaialdiaren bueltan, gainera, bestelako ekimen asko egingo dira. "Lehiaketaz gain beste jarduera batzuk egingo dira egun horietan. Alde batetik, iazko irabazle Vladimir Stupnikoven emanaldiak. Biran dago une honetan.  Azaroaren 29an hasi zuen bira Katalunian eta abenduaren 5ean amaituko du Arrasateko Kulturate aretoan", esan du Hauspoz elkarteko Maria Zubimendik.

Abenduaren 6an, bestalde, Arrasateko Udalak harrera-ekitaldi ofiziala egingo die nazioarteko txapelketako parte-hartzaileei zein epaimahaiko  kideei. Eta abenduaren 4an emanaldi berezia izango da Arrasateko Abaroa jubilatuen etxean.

Eskerrak herriko eragileei

Antolatzaileek prest dute lehiaketako akordeoilari onenak jasoko duen garaikur preziatua; Arrasateko herensugea. Hauspoz elkarteko ordezkariek zein Maider Morras alkateak, bestalde, antolakuntzan laguntzen duten herriko eragileek egiten duten ekarpena izan dute gogoan.

"Udalaren partetik eskerrak eman nahi dizkiogu Hauspoz elkarteari horrelako jaialdi ederra antolatzeagatik eta diziplina hau herriari ekartzeko ahaleginarengatik. Badakigu teknikoa dela baina benetan ikusgarria da", esan du Maider Morras alkateak. "Horrekin batera, eskerrak eman nahi dizkiet baita ere  SUDC elkarteari –eskaintzen dituelako Arrasaten dauden elkarte gastronomikoak– eta, baita ere, Bastida akademiari zein Arizmendi ikastolako gastronomia formakuntzako taldeari beraiek izango direlako SUDCekoekin batera otorduak prestatuko dituztenak. Hori da lehiaketa honen beste berezitasun bat".

Hiru egunetako egitaraua ikusgai dago Hauspoz elkartearen webgunean zein modu fisikoan ohiko lekuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak