Joan den zapatuan, hilak 22, Debagoieneko topaketa egin zuten Arrasaten eta bertan elkartu ziren Debagoieneko hainbat ordezkari. Gaur egun, batez ere Arrasaten (Mondravember) eta Bergaran (MovemberGara) daude martxan Movember taldeak, eta Elgetan adibidez, iaz hasi ziren lehen ekintzak antolatzen.
Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa garrantzitsuak direla nabarmendu du Alberto Larreak, MovemberGara taldeko ordezkariak: "Mugimendu honek bi helburu nagusi ditu: lehena da bistaratzea gizonok buruko eta gorputzeko osasuna zaindu behar dugula, eta bigarrena dirua biltzea da; biltzen dugun dirua bidaltzen ikerketa zentro batera bidaltzen dugulako".
Orain arte Elorregin egin izan dituzte topaketak, baina datozen edizioetarako herriz herri egitea erabaki dute. Topaketa lekuen aldaketari dagokionez, antolatzaileak pozik azaldu ziren. "Egia esan toki polita da Elorregi, baina ez zen jende asko animatzen. Orduan pentsatu genuen ekimena ibiltaria izatea", adierazi du Iban Arroiabek, Mondravember taldeko ordezkariak.
Elkarlana, beharrezkoa
Nabarmentzekoa da Mondravemberrek azken sei urteetan 55 mila euro inguru rabazi dituela. Iazko diru kopuruari erreparatuz, errekor guztiak apurtu eta 14.642 euro lortu zituzten. Eta, aurrera begira, Arroiabek azaldu du gaitzari aurre egiteko garrantzitsua dela denen artean lan egiten jarraitzea: "Naturaltasunez hartu behar den gai bat da, baina horri aurre egiteko batzen gara; dirua biltzeko eta gaixotasunari ikusgarritasuna emateko asmoarekin".