Arrasateko EAJ: "Arduragabekeria da 38 milioko mailegua eskatzea"

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2025eko azaroaren 19a

EAJko zinegotziak, gaurko prentsa agerraldian. (Argazkia: EAJ).

EAJ-PNVk prentsaurrekoa eskaini du gaur arratsaldean Arrasateko Udal Gobernuak —EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate koalizioak— datorren urterako proposatutako aurrekontuen aurrean "kezka sakona" agertzeko. Jeltzaleen ustez, aurrekontuek aurreikusten duten 38 milioi euroko mailegu-eskaera "arduragabekeria da". 

Azaroaren 6an aurkeztu zuen Udal Gobernuak 2026rako aurrekontua Ogasun Batzordean, eta horren aurrean "kezka sakona” plazaratu dute jeltzaleek.  Guztira, 81,2 milioi euroko aurrekontu-proposamena da, iazkoa baino 36 milioi euro handiagoa. Aurrekontuaren %47 zorra izango dela aurreikusten da, eta 37 milioi euroko mailegu eskaera jasotzen du. Ander Garay EAJko bozeramaileak proposatzen dituzten proiektuak beharrezkoak direla adierazi duen arren, azaldu du "hain zor handiarekin konprometitzea, arduragabekeria" iruditzen zaiela.

Maider Morras Azpiazu alkateak aurkezpenean azaldu zuen zorpetzea "aurrerabiderako tresna bat" dela: “zorra ez da zama, gure komunitatean inbertitzeko tresna finantzario bat baizik. EAJko udal taldeak, berriz, maileguaren tamainak “udalerriaren egonkortasun ekonomikoa arrisku larrian” jartzen duela mahaigaineratu du eta ohartarazi du “porrot egin lezakeela kautelazko neurririk hartzen ez bada”. 

"Funtsezko proiektuak"

Jeltzaleek Amaia Antzokia, Musakolako kiroldegia eta autobus geltokia bezalako "funtsezko proiektuekin" zer gertatuko den galdetzen dute, hauen etorkizuna “airean gelditzen” dela azpimarratuz. Aldi berean, zorra itzultzeko betebeharrak, datozen 20 urteetako inbertsio ahalmena “barregarria” izatea eragiten duela adieraziz. . 

"Gauzak egiteko beste modu bat"

EAJk gobernatu dituen azken bi legegintzaldietan, "zorpetzerik gabeko kudeaketa eraginkorra" posible dela jakitera eman dute: "40 milioi eurotik gorako inbertsioak egitea eta zorra amortizatzea, egonkortasuna arriskuan jarri gabe". 

"Udalarekin lan egiteko prest"

Aurreikusten da abenduaren 9ko Osoko Bilkuran 2026rako aurrekontua onartzea, baina negoziaketa zabalik dago. EAJ prest dago Udal Gobernuarekin lan egiteko "irtenbide bideragarri bat aurkitzeko", dena den, argi adierazi dute ez dutela onartuko "Arrasateren etorkizuna arriskuan jartzea erabaki zuhurtziagabe eta arriskutsu horrekin". Jeltzaleek "aurrekontu orekatuago eta proiektu guztiak aintzat hartuko dituen plan ekonomiko finantzarioa idaztea" eskatzen dute, zorra ahalik eta gehien gutxitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak