Hamahiru urte bete dira Ereindajan sortu zenetik, elikadura burujabetzaren eta lehen sektorearen indartzean oinarritutako proiektua. Hasieran, Mankomunitateak utzitako lokalean abiatu zuten ibilbidea, eta ondoren San Andres auzora egin zuten jauzia; gaur egun arte bertan egon dira. Orain, urte amaieran, lokal horren ateak itxiko dituzte eta etapa berri bati ekingo diote: Arrasateko erdigunean denda berria zabalduko dute. Otalora Lizentziaduna 14an kokatuko da gune berria, Txoko tabernaren ondoan. Lanak jada hasi dituzte, eta, aurreikuspenen arabera, lokal berria urtarrilaren erdialdean irekiko dute.
Kontsumo eredu globalak gainjarri diren garaietan Ereindajan lau zutabe nagusiren gainean eraiki da: bertakoa, osasungarria, justua eta kooperatiboa. Hurbilekoak eta sozialki justuak diren kontsumo ereduak indartzen ditu, eta herritarrei produktu agroekologikoz osatutako erosketa saski osoa erosteko aukera eskaintzen dio.
Ekoizleentzako plaza
Inguruko ekoizleentzako topagune eta erakusleiho bilakatu da. Normalean azoketan edo otarreetan zuzeneko salmenaren bidez saltzen dutenek beren produktuak modu duin eta egonkorrean eskaintzeko salmenta-plaza da. "Behin hemen sartuta, bezeroak badaki produktua hurbilekoa, kalitatezkoa eta ekoizleekin justua dela", azaldu du ekoizle batek. Ereindajanek, ordutegi zabal eta irisgarriaren bidez, ekoizleen produktuak herritarren eskura jartzen ditu, egunero. Nekazarientzako "komertzializaziorako puntu garrantzitsua" da, eta, aldi berean, baserriak eta etxaldeak bizirik mantentzeko ezinbestekoa.
"Behin hemen sartuta, bezeroak badaki produktua hurbilekoa, kalitatezkoa eta ekoizleekin justua dela"
Prezio justuak
Ereindajan-en prezioen politika marjina txikietan oinarritzen da: ekoizleei prezio justua ordaintzen zaie, eta, era berean, kontsumitzaileek modu bidezkoan ordaintzen dute. Modu horretan, tokiko ekoizleen lana babestu eta kalitateko produktuak eskuratu daitezke. Bezero batek argitu du garrantzitsua dela zer kontsumitzen dugun begiratzea eta guk nahi dugun duintasuna besteentzat ere desiratzea. "Prezio merkeek beti dute zerbait iluna atzean. Mundu justuagoa eraikitzeko, guretzat eta ondorengoentzat, prezio bidezkoak ordaintzea da bidea", azaldu du.
Finantzaketa kanpaina abian
Banku pribatuen menpekotasuna saihesteko, finantzaketa kanpaina abiatu du gaur, egubakoitza, Ereindajan-ek. Proiektua sostengatu nahi duen edonork ekarpen ekonomikoa egiteko bi bide ditu: batetik, itzulpenik gabeko ekarpenak egin daitezke Bizum edo transferentzia bitartez; bestetik, bazkide maileguak ere badaude: 250, 500 eta 1.000 eurokoak izan daitezkeenak, eta horiek hiru urteren buruan erosketa-bonutan itzuliko dira, 2029. urtetik aurrera. Mailegu horiek egiteko, ezinbestean bazkide izan beharra dago.
Bazkide egitea
Bazkide egiteko 60 euroko kuota ordaindu behar da urtean; horren truke, erosketa guztietan %5eko deskontua jasotzen dute. Arduradunek bazkidetzaren garrantzia azpimarratu dute: irabazi-asmorik gabeko elkartea denez, bazkideen ekarpena ezinbestekoa baita proiektuari eutsi eta burujabetza ekonomikoa bermatzeko. Gaur egun, 400 bazkide inguruk eta bailarako 22 baserrik osatzen dute Ereindajan komunitatea. "Bazkide izateak ez dakar soilik deskontu bat; gure proiektua bizirik mantendu eta kolektiboaren parte izatea da", adierazi dute Eider Murgoitio eta Edurne Kortabarria arduradunek.
Ereindajan-ek argi dauka erronka ekonomikoa handia bada ere aukera bat dela erdigunean ikusgarritasuna irabazi eta proiektu jasangarri horren hurrengo urratsak egiteko. Komunitatearen babesa eta parte-hartzea funtsezkoak izango dira denda berriaren ateak irekitzean ere bai.