Azaroaren 10a Memoriaren Eguna da eta, egun horren testuinguruan, Enrike Gomez Alvarez Korta omenduko du Arrasateko Udalak. Horren berri emateko prentsa agerraldia egin dute gaur, martitzena, eta alderdi politiko guztietako ordezkariak izan dira: Jasone Giraldo (EH Bildu), Ander Garay (EAJ), Aritz Murua (PSE-EE) eta Eva Abuin (Elkarrekin Arrasate).
Izan ere, 2016an, memoria eta bizikidetza lantzeko bidea abiatu zuen Udalak. "Udalbatzan ordezkaritza zuten alderdi politiko guztien elkarlanari eta oinarrizko kontsentsuari esker, 1936-2018 urte artean Arrasaten izandako eta arrasatearrek sufritutako indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen memoria berreskuratzeko pausoak ematen ari gara ordutik", azaldu du Jasone Giraldok, Bizikidetza zinegotziak.
Bizikidetza Batzordea da lan horretaz arduratzen dena eta, hain zuzen, batzorde horretako ordezkariak izan dira gaurko prentsa agerraldian parte hartu dutenak.
Azken urteetan, azaroaren 10a erabili ohi du Udalak Arrasateko herriarekin "lotura estua" izan duten hildako biktimak aitortu eta oroitzeko, eta hala izango da aurten ere. "Alderdi politikoen kontsentsuari esker, motibazio politikozko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktima den Enrike Gomez Alvarez Korta oroitu eta aitortu nahi dugu", dio Giraldok.
Leonen jaio bazen ere, umetan Gasteizera joan zen bizi izatera eta Arrasaten ere bizi izan zen ondoren. ETAko kide zen eta 1979an, 25 urte zituela, Batallon Vasco Españolek tiroz hil zuen Baionan.
Dokumental emanaldia astelehenean
Horretarako, bi ekitaldi antolatu ditu Udalak, "oroimena eta aitortza" ardatz hartuta. Alde batetik, Korta-ren bizitza eta ibilbidea ezagutzeko haren senide eta lagunen testigantzez osaturiko Korta. Askatasun haizea dokumentala proiektatuko dute Memoriaren Egunean. Hala, emanaldia azaroaren 10ean izango da,
astelehena, 18:00etan, Juan Arzamendi Musika Etxean. Gainera, Julen Diaz de Argote zuzendaria han egongo da, azalpenak ematen, eta harekin berba egiteko aukera ere edukiko dute herritarrek.
Ekitaldia, azaroaren 29an
Bestetik, azaroaren 29an, zapatua, Arrasateko Udalak giza eskubideen urraketen biktima gida aitortuko du Enrike Gomez, 12:00etan osoko bilkuren aretoan egingo duten ekitaldi instituzionalaren bitartez. "Ekitaldia arrasatear orori irekia izango da. Beraz, animatu eta etorri", azaldu du Bizikidetza zinegotziak.