Ikerlariak saretzea, AEAri aurre egiteko motorra

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2025eko urriaren 30a

Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren (AEA/ELA) gaineko ikerketan egindako aurrerapenak izan dituzte hizpide Arrasaten egindako ALS-ArrasatELa jardunaldian. Gonbidatutako nazioarteko adituen artean, Jone Lopez-Erauskin ikerlari arrasatearra izan da.

Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (AEA/ELA) mundu osoan milaka pertsonak jasaten duten gaixotasun neurodegeneratiboa da. Azken urteetan ikerketak aurrerapauso garrantzitsuak ekarri baditu ere, oraindik ez da argitu zer dagoen gaixotasunaren atzean edo zeintzuk izan daitezkeen haren kausa edo zergatiak. Arrasateko Udalaren babesarekin DalecandELA el- karteak antolatuta, bi eguneko jardunaldia egin dute Arrasaten egunotan. Nazioartean lehen mailakoak diren hainbat ikerlariren parte hartzearekin egin dute.

Zientzia eta alderdi gizatiarra uztatu dituzte. Atzoko saioa ikerketaren arloan dabiltzan profesionalei zuzenduta bazegoen ere, bezperan AEAren errealitatea gizarteratzeko hautua egin zuten, mahai inguru forma emanez.

Mahai ingurua

Kulturateko areto nagusia herritarrez bete zen, eta hizlariek informazioa modu garden eta hurbilean helarazi nahi izan zuten, gaixotasunarekin bizitzea, zaintza eta ikerketa solasaldiaren erdigunean jarrita.

Parte-hartzaileen artean izan ziren Juanjo Diez, gaixotasuna lehen pertsonan bizi duena; Sara Calvo, AdELA Arabako lehendakaria; Adolfo Lopez de Munain, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko burua; eta Jone Lopez-Erauskin, Kaliforniako San Diegoko Unibertsitateko ikertzaile arrasatearra. Ane Irazabal kazetari arrasatearrak gidatu zuen saioa, hizlarien jakintza eta esperientziak modu orekatuan elkarlotuz.

Kaliforniatik jaioterrira itzulita, Jone Lopez-Erauskin AEA esporadikoarentzat diana terapeutiko berrien bila ari da, gaixotasunaren askotariko jatorrietatik abiatuta markatzaile ko- munak identifikatzeko asmoz.

Sinposio zientifikoa

Zientziaren hizkuntza internazionala erabiliz, ingelesez, egin zen jardunaldien bigarren eguna; lehen mailako Europako, Amerikako eta Asiako adituak izan ziren protagonista. Egunak hiru saio nagusi izan zituen, bakoitza moderatzaile batek gidatu eta lau doktorek osatuta. Egun osoko jardunaldian, inguruko profesional eta ikerlari ugari bertaratu ziren, eta bigarren egunean ere Kulturateko areto nagusia bete zuten.

Antolatzaileen hitzetan, helburua zientzialarien arteko sinergiak sendotzea izan zen: ikerketetan egindako aurkikuntzak partekatu eta norabide berean aurrera egiten jarraitu dezaten. Zientzialariengandik eta zientzialarientzat.

Hurrengo egubakoitzeko PUNTUA aldizkarian gaiaren gaineko erreportaje zabala publikatuko du Goienak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak