San Frantzisko eliza erosiko du Arrasateko Udalak

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko urriaren 28a

San Frantzisko elizaren barruko ikuspegia.

Eraikina erosteko akordioa lortu dute Arrasateko Udalak eta Frantziskotarrek. Hala, 2026tik aurrera udal jabetzakoa izango da eta espazio berria Kulturateren parte izatera pasako da, kultur ekintzak jasoz. Horrez gain, Udalaren asmoa da hileta zibilak ere bertan egin ahal izatea.

Arrasateko Udalak San Frantzisko eliza erosteko akordioa lortu du Frantziskotarrekin eta 1.585 metro karratuko espazioa erosiko dio batak besteari, 371.000 eurotan. Modu horretan, elizaren 1.225 metro karratuko azaleraz gain, atzean dauden 360 metro karratuko hainbat etxebizitza eta lokal ere udal jabetzakoak izango dira 2026tik aurrera.

San Frantzisko elizaren alboko etxebizitzak ere erosiko ditu Udalak.

Maider Morras alkateak adierazi du "jauzi handi bat" dela akordioa. "Jabetza pribatu bat arrasatearron esku jarriko dugu, erlijioari lotutako espazioa modu laiko batean erabiltzeko aukera eskainiz. Eskerrak eman nahiko nizkioke Frantziskotarren kongregazioari, salerosketa hau gauzatzeko izan duten borondateagatik".

2026 hasieran sinatuko dute erosketa kontratua eta momentu horretan igaroko da San Frantzisko eliza publikoa izatera. Hala, Kulturate eraikinaren parte izatera igaroko da eliza, jarduera kulturalak lehenetsita. "Gaur-gaurkoz hirigintza proiektu asko ditugu martxan, eta ez dugu aurreikusten obra handirik egitea elizan. Dena den, kultur ekintzak jasotzeko aukera izango da eta, ondorioz, Kulturateren funtzionamenduaren parte izatera igaroko da", azaldu du alkateak.

Horretarako, teknikoki egokitu beharko dute eta "kutsu erlijiotsuak dituzten sinboloak" babestu eta estaliko dituzte, adibidez, erretaula. "Lan horiek 2026 eta 2027 urteetan zehar egitea aurreikusten dugu".

Hileta zibilak egiteko aukera

Udala aztertzen ari den beste erabilera posible bat hileta zibiletarako gune bihurtzea da. Izan ere, gaur-gaurkoz, Arrasatek ez du horiek leku itxi batean egiteko "espazio duinik", eta "aukera ezin hobea" iruditzen zaio Udal Gobernuari. "Horrek azterketa sakon bat beharko luke, kultur ekintzekin uztartu ahal izango dena, eta erabilera araudi bat beharko lukeena. Beraz, ez dugu aurreikusten berehala martxan jarri ahalko denik, baina espero dugu agintaldia amaitu baino lehen eskubide hori herritar guztien eskura izatea".

Babestutako ondarea da

XVII. mendean eraiki zuten San Frantzisko eliza eta, gaur egun, babestutako ondare historikoa da. Komentua 2007an pasa zen publiko izatera, Kulturate egin zutenean, eta elizaren erosketarekin, eraikin guztia bilakatuko litzateke jabetza publikokoa. "Edozein esku-hartze edo obrak baldintza zorrotzak bete beharko ditu. Horregatik, datozen urteetan eraikina nola egokitu zehaztuko dugu, betiere, erabilera publikoa bermatuz", azaldu du Morrasek. 

Herrerar estiloko eraikuntza da San Frantzisko. XVII. mendean, Juan de Araoz Uriartek haren dirua eman zuen ikastetxe bat hartuko zuen komentu eta eliza bat eraikitzeko –1673an bukatu zuten–. Frantziskotarrek zuzendu zuten 1850eko desamortizaziora arte eta, ostean, eskola, ospitale eta ongintza etxea izan zen. 1954. urtean, Frantziskotarrak berriz hasi ziren eliza jarduerarekin eta, esan moduan, 2007an, komentua jabetza publikokoa izatera igaro zen, Kulturate sortuz. 2026an, azkenik, eliza ere kultur espazio horren parte izatera igaroko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak