Antolatzaileek jakinarazi dute, ez de dela soilik pertsona nagusiei zuzendutako programa bat. "Adineko guztiei ikusgarritasuna eman nahi diegu, baina ez adinekoei bakarrik, inklusiboa izatea nahi dugu. Hau da, adinekoei soilik zuzenduta ez dauden ekintzak izatea", hala adierazi du kontseiluko lehendakari den Roberto Zazok.
Irailaren 28an, domeka, egingo dute lehen ekintza eta San Prudentzioraino joan-etorria oinarri izango duen ibilaldia egingo dute, Biteri plazatik abiatuta; jarraian izango da Kaitin Allenderen eskutik astearen aurkezpena, Herriko Plazan.
Irailaren 29an, astelehenean, Arrasateko enpresa batera egingo dute bisita, eta ondoren, bazkaltzeko elkartuko dira. Irailaren 30ean, martitzenean, herriaren alde historikoa ezagutzeko bisita gidatua iragarri dute, eta urriaren 1ean, asteazkenean, Abaroa abesbatzaren emanaldia eta manifestuaren irakurketa izango dira besteak beste, Kulturateko areto nagusian.
Udal Bibliotekarekin elkarlanean
Elkarlana izan da Pertsona Nagusien Astea ospatzeko egitaraua osatzerako orduan garrantzitsua, eta, beste urte batez, Arrasateko Udal Bibliotekak bat egin du ekimen honekin. Aurreko edizioetan elikadura, gaixotasunak eta zahartzaroa landu zituzten baina aurtengo gaia artistikoagoa eta ludikoagoa izango da.
Lehenengoa urriaren 1ean egingo dute eta Probenza ahizpak izango dira protagonista. Bigarrena, urriaren 2an, Iñaki Peña medikuak liburu bat aurkeztuko du. Datorren urteetara begira ere lankidetzan jarraituko dutela jakinarazi du Arrasateko Udal Bibliotekako zuzendari Asun Agirianok.
Palestinari elkartasuna
Egitarauaren nondik norakoak aurkeztuta, Gazan gertatzen ari den genozidioa ekarri dute gogora. Palestinan gertatzen ari dena ezin dela onartu adierazi du Nagusien Kontseiluko kide den Pili Iriartek: "Gure ustez, palestinarren alde ahotsa altxatu behar dugu. Eta esan, adineko pertsonen genozidioa, haurren, adinekoen eta gainerakoen hilketa, ezin dela onartu. Gaza libre eta baketsua nahi dugu. Arrasateko Nagusien Kontseiluan oso positibotzat jo dugu Arrasateko herriari jakinaraztea, Palestinarekin gaudela".
Egitaraua
Irailak 28, igandea
- 10:00etan, ibilaldia Nordik bastoekin. Biteri plazatik San Prudentziora, begiralearekin.
- 12:45ean, astearen aurkezpena Kaitin Allenderen eskutik, Herriko Plazan.
- 13:00etan, bermuta eta dantzaldia DJ Goikolearen eskutik, eta urdaiazpiko dastaketa, Herriko Plazan.
Irailak 29, astelehena
- 12:00etan bisita Arrasateko enpresa batera, eta ondoren, bazkaria Hilarion jatetxean.
Irailak 30, asteartea
- 10:30ean, Arrasateko Zientzia Elkartearen eskutik, bisita gidatua. Biteri plazatik abiatuta.
Urriak 1, eguaztena
- 11:00etan, ibilaldia Iturbideko egoiliarrekin eta txistulariekin, Iturbide egoitzatik abiatuta.
- 17:30ean, Abaroa abesbatzaren emanaldia eta manifestuaren irakurketa, Kulturateko areto nagusian. Ondoren, hitzaldia Hermanas Probenzaren eskutik. Udal Bibliotekarekin lankidetzan antolatuta. Eta, jarraian, luntxa.
Urriak 2, eguena
- 18:00etan, Iñaki Peñaren hitzaldia: Heriotza eta dolua, Kulturaten, Udal Bibliotekarekin elkarlanean antolatuta.