Arrasateko EAJ: "Aurrekontuaren exekuzioa oso eskasa da"

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ira. 18a, 12:15

Ander Garay eta Xabier Arrizabalaga, plazan.

Jeltzaleak "kezkatuta" agertu dira 2025eko aurrekontuaren exekuzioa "oso eskasa" izaten ari delako; "aurrekontuak ez du asmoen zerrenda bat soilik izan behar, ekintza zehatz eta eraginkorrak dituen plan bat baizik", nabarmendu dute.

Arrasateko Udalak "eraginkortasun handiagoa" behar duela aldarrikatu du EAJ udal taldeak. Jeltzaleak "kezkatuta" agertu dira 2025eko aurrekontuaren exekuzioa "oso eskasa" izaten ari delako, "batez ere inbertsioen arloan", Ander Garay udal bozeramailearen esanetan. "Irailean egon arren, inbertsioen kapituluaren exekuzioa %50era baino ez da iritsi. Partiden %63 oraindik erabili gabe daude, eta horrek erakusten du plangintza eraginkorrik eta herriaren garapenarekiko benetako konpromisorik eza", azpimarratu du.

Zera gaineratu du Garayk: "Zaila da urtez urte zergen eta tasen igoerak justifikatzea, inbertsioetarako behar direla argudiatuta, inbertsio horiek berak gauzatzen ez direnean. Aurrekontuak ezin du paperean geratzen den asmo onen zerrenda izaten jarraitu. Ekintza behar da, ez promesa hutsak".

"Urtero errepikatzen dira batzuk"

Gaineratu dute "urtero errepikatzen diren eta gauzatzen ez diren" hainbat proiektu daudela. "Otalora lizentziatuaren eraldaketa 2024ko eta 2025eko aurrekontuan; Gudarien plaza eraberritzea 2023koan, 2024koan eta 2025ekoan; entzierroetarako segurtasuna handitzeko hesiak, beste horrenbeste; Santa Marina auzoko liburutegia berritzea, 2024koan eta 2025ekoan; Musakolako aterpearen proiektua 2023koan, 2024koan eta 2025ekoan; baita Santa Barbarako naturaren haur parkea ere".

Era berean, ohartarazi dute aurtengo aurrekontuko hainbat partida oraindik ez direla gauzatu "736.000 euro bidegorrietarako; 511.000 euro BAZa eraberritzeko; 91.000 euro Iturbide egoitzako fatxada berritzeko; eta 44.000 euro Zalduspeko aparkalekua egokitzeko proiekturako". Hori dela eta, jeltzaleek diote ezin dela onartu aurrekontu bakoitzean "funtsezko proiektuak errepikatzea gauzatu gabe". "Ezin da paralisia justifikatu baliabide faltarekin zazpi milioi euro aurrekontuan erabili gabe daudenean, eta hamasei milioitik gorako gerakina dagoenean. Hau ez da diru kontua, plangintza eta kudeaketa eraginkorraren falta baizik", dio Garayk.

Hainbat proposamen egin dituzte

Jeltzaleek hainbat proposamen egin dituzte "egiteke dauden proiektuak lehenesteko". Honako hauek dira: 2025ean entzierroen segurtasuna hobetzeko hesiak erostea, 2026ko San Juan jaietarako prest edukitzeko; Santa Marina auzoko liburutegiko obrak esleitzea 2025ean; bidegorrien obra 2025ean esleitzea, 2025ean Iturbide egoitzaren fatxada egokitzeko obrak esleitzea; eta 2025ean BAZeko obrak esleitzea. Azken horri dagokionez, zera azpimarratu du jeltzaleen udal bozeramailean: "Udal Gobernuak ordutegi murrizketa aplikatu zuenetik, ez du hobekuntzarik egin, eta beharrezkoa da proiektu hau epe laburrean gauzatzea".

Era berean, "ekintza plan argi bat" proposatu dute, "egiteke dauden partida guztiak 2026ko aurrekontuan sar daitezen, urteko lehen bi hilabeteetan esleitzeko konpromisoarekin".

Gardentasun ataria eskatu dute

Azkenik, beste eskaera bat ere egin diote Udal Gobernuari: "Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten duen bezala, departamentu bakoitzak onartutako aurrekontua, bere hileroko exekuzioarekin batera, udal webgunean argitaratzea eskatzen dugu, herritar guztiek egiaztatu ahal izan dezaten zertan gastatzen den euren dirua. Gardenak izateko, agindutakoa betetzeko eta Arrasateren etorkizunerako benetan garrantzitsuak diren proiektuak gauzatzeko garaia da", bukatu du Garayk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak