Ekin Emakumeak elkartearen 30. urteurrenerako propio sortutako irudia, egoitzaren kanpoko paretan margotu dute gaur. Murala, Olaia Benito ilustratzaileak sortua, elkarlanean margotu dute goizean zehar.
"Ekinen parte izan direnei omenaldi bat egiteko beharra ikusi genuen, eta mural honek hori irudikatzen du. Erreferenteak izan direnak paretara ekarri ditugu, argazkietan oinarrituta dago-eta irudia" azaldu du Ekin Emakumeak elkarteko Laura Buenok.
Gainera, urteurrenaren baitan, urriaren 10etik azaroaren 7ra Kulturaten erakusketa egongo dela ere aurreratu du Buenok: "Klaustroan egingo da erakustaldia memoria historikoa, aniztasuna eta feminismoa oinarri hartuta. Gainera, urriaren 25ean jai handia ere ospatuko dugu".
Jabetze ikastaroak
Hurrengo astetik aurrera, jabetze eskolak hasiko ditu Ekinek, eta aurten, berritasun nagusia, arabiera ikastaroa izango da. Urriaren 22tik 27ra egingo dute, astelehenetan, 17:30etik 19:30era.
Gainera, ibilgailuen oinarrizko mantentze ikastaroa ere eskainiko dute urriaren 22tik azaroaren 12ra arte.