Ointxe!-ko Izar Bedia, Naroa Zabala eta Alazne Canales, eta IDK Euskotrenek fitxatu berri duen Irene Murua izan ziren Tenerifen Espainia mailako taldeen aurka indarrak neurtu zituztenak. Burdelerako aldaketa bat egongo da laukotean, adinagatik ezingo baitu Canalesek jokatu, eta haren hutsunea Uxue Esparzak beteko du.
Hala, munduaren aurrean daukaten maila erakusteko aukera paregabea izango dute abuztuaren 20an, Nazioarteko Saskibaloi Federazioak bultzatutako 3X3 modalitateko txapelketarik onenean parte hartuko baitute, beste hamabost selekziorekin batera. Arrasatearrek Irlandaren aurka jokatuko dute lehenengo, 15:10ean, eta Estatu Batuen aurka jarraian, 16:00etan. Punta-puntako aurkariak, zalantza barik.
Saskibaloi zaleek pantailaren beste aldetik jarraitu ahal izango dituzte partiduak zuzenean, FIBA 3X3 webgunearen bitartez.
Arrasatearrek bi norgehiagokak irabazi beharko dituzte txapelketan aurrera egiteko. Emaitzak emaitza, Ointxeren belaunaldi honek dagoeneko beste lorpen historiko bat gehitu dio taldearen ibilbide arrakastatsuari.