Irene Murua: "Lehen urtean ahal dudan guztia ikasteko eskatu didate"

Xabier Urtzelai 2025ko uzt. 24a, 14:00

Arrasateko hegalekoak IDK Euskotren taldean jokatuko du irailetik aurrera. Saskibaloi jokalari profesional bilakatu da, eta Debagoienean hori lortzen duen lehenengo emakumezkoa da.

Azken bost urteak AEBetan saskibaloian jokatzen ibili eta gero, Irene Muruak (Arrasate, 2002) IDK Euskotren taldean jokatuko du irailetik aurrera. Egunotan Musakolako kantxan ibili da, Ointxe!-ko campusean parte hartzen eta, bide batez, denboraldiaurrerako sasoian jartzen. Hura da Debagoieneko lehenengo emakumezko saskibaloi jokalari profesionala.

Zelakoak izan dira AEBetan egindako urteak?

Desberdinak izan dira bostak. Louisianan egin nuen lehenengo urtea, eta, hurrengo hirurak Detroiten egin eta gero, azken urtea New Yorken egin dut. Esango nuke esperientzia urtetik urtera hobetzen joan dela; lehenengo urtekoa ez zen horren ona izan, eta urtero hobetzen joan da. Louisianakoa COVID garaia izan zen, ingelesarekin ere hala moduz moldatzen nintzen, ezin izan nintzen etxera bueltatu pandemian geundelako… Urte nahiko gogorra izan zen. Detroiteko egonaldian hobeto egon nintzen, eta azken urtea New Yorken ederra izan da. Hiria ikusgarria da, gauza mordoa egin daitezke bertan, eta saskibaloiari dagokionez ere pozik izan naiz han.

Garbi zeneukan ikasketak amaitzeaz batera etxera itzuliko zinela?

Uste dut AEBetara joan nintzenetik garbi neukala hori. Masterra egiteko egonaldia urtebete luzatzea erabaki nuen, baina etxera etortzeko gogoz nengoen. Etxekoekin eta lagunekin egoteko nahiaz batera, hemengo giroa igartzen nuen faltan; han beste erritmo batean bizi dira, oso azkar, baina ez dute kalean horrenbesteko bizitzarik egiten. Kontrara, AEBetan ikuskizunen gaineko sekulako kultura dute, eta, esaterako, unibertsitate mailako saskibaloiak indar handia du. Zer-nolako kirol instalazioak dituzten, estadioak… Saskibaloian jokatzeko leku paregabea da hangoa, baina bizitzeko nahiago dut hau.

Seguru bost urte hauetan asko aldatu dela zure jokoa; zertan aldatu zara jokalari moduan?

Jaurtiketak lantzeko aukera handia izan dut han; izan ere, jaurtiketetako makina ere erabili ahal izan dut denbora askoan, eta entrenatzaile onak izan ditut. Han, gainera, ikasketak eta saskibaloia bateratzeko erraztasun handiak ematen dituzte, eta hori igarri egiten da. Eta, horrekin batera, gimnasioan ordu asko egin ditut, eta indartsuago itzuli naiz.

Zer-nolako abuztua datorkizu?

Abuztu amaieran elkartuko naiz taldekideekin, denboraldiaurrea egiten hasteko, eta ordura arte lana nire kabuz egin beharko dut; horrenbestez, abuztuan inguruan ibiliko naiz. Hori bai, asteburuan Tenerifera joango gara zenbait lagun; hiruko saskibaloi torneo ezagun batean lehiatzera goaz.

Duela hilabete jakin genuen IDK Euskotrenek fitxatu zintuela; zelan gauzatu zen fitxaketa?

AEBetatik bueltan oso garbi neukan Euskal Herrian geratu nahi nuela, ez neukan berriro ere kanpora joateko gogorik. Klubetik nirekin hartu-emanetan jarri zirenean berehala iritsi ginen adostasun batera, ez nuen gehiagorik begiratu. Bi urterako kontratua sinatu dut, eta ilusio handiz nago.

Zer eskatu dizu klubak?

Lehenengo urtean esponja bat izateko, ahalik eta gehien ikasteko. Esperientzia handiko jokalariak izango ditut ondoan, eta eurengandik ikasteko. Eta, horrekin batera, ahal dudan arlo guztietan nire ekarpena egiten saiatuko naiz, errebotean, defentsan, hegaleko moduan jokatzen, poste moduan… Momentu bakoitzean taldeak behar duen horretan ekarpena egin nahi dut.

Entrenatu ahal izan zara eurekin?

Oraingoz, teknifikazio saio bat egin dut, Lara Gonzalez jokalariarekin eta taldeko bigarren entrenatzailearekin, eta Gernikatik IDKra etorri den Itziar Aristimuño ere ezagutu ahal izan dut. Baina gainontzekoak oporretan daude; abuztu amaieran ezagutuko ditut gainontzeko taldekideak. Irailean Euskal Kopa jokatuko dugu, seguruenik, eta denboraldia urrian hasiko dugu.

Ze helburu izango du IDK Euskotren taldeak?

Nik uste dut Errege Kopan sartzea urteroko helburua izaten dela, baina egia da iaz ligan sufritu egin zutela eta mailari eusteko lehian egon zirela. Aurten, aldaketa handiak izan dira, jende berri asko iritsi gara klubera, eta helburu nagusia izango da lehenbailehen talde indartsua sortzea. Eta, behin hori lortuta, joango gara ikusten zer lor dezakegun.

Saskibaloian jardungo duzu buru-belarri ala ikasitako horretatik lana bilatzen ere saiatuko zara? Alegia, emakumezkoen saskibaloiak ematen du bertatik bizitzeko?

Bai; duela pare bat urte, profesionalizatu egin zuten emakumezkoen saskibaloia, eta hitzarmen hartan gutxieneko soldatak ere ezarri zituzten. Horrenbestez, jokalarion egoera hobea da, eta posible da %100 saskibaloira dedikatzea. Azken batean, guk entrenamenduak goiz eta arratsalde izango ditugu; horrenbestez, ez da beste lanpostu batekin bateragarria. Saskibaloian jokatzeaz batera aurten beste master bat ikastea erabaki dut; online egingo dut.

Bide batez, zer ikasi duzu AEBetan?

Unibertsitate ikasketak matematiketakoak egin nituen, eta azken urtean egin dudan masterra datu zientzietakoa izan da Bada, aurten egingo dudan masterra inteligentzia artifizialaren gainekoa izango da.

Bistan da oraindik harreman estua mantentzen duzula Ointxe! klubarekin.

Bai; bertan hasi nintzen saskibaloian jokatzen eta gu izan ginen Arrasateko klubeko nesken taldeak sortu zituzteneko lehenengo belaunaldikoak. Ondoren, polita izan da ikustea zelan etorri diren gainontzeko kategoria guztiak, nesketan egitura osoa sortu duten arte. Eta, AEBetan egon izan naizenean ere, udan etxera etorri eta MUko senior mailako neskekin denboraldi amaierako partiduak jokatu ahal izan ditut, igoera faseak eta beste. Arri-rekin entrenatu ahal izan dut denbora tarte honetan, AEBetara ahalik eta ondoen joateko prestakuntzan lagundu izan dit, eta kanpoan izan naizenean ere asko lagundu dit. Lagun onak ditut Ointxe!-n, eta harreman estua dut eurekin, bai.

Jarraitu duzu LF2 kategorian MUk egin duen denboraldia?

Bai, noski. Iazko igoera fasean eurekin jokatu ahal izan nuen eta taldekideak ezagutzen nituen, gainera; Naia eta Izar, esaterako, lagun minak ditut, eta esango nuke partidu gehienak ikusi ditudala. Uste dut LF2n lehenengo urtea izateko oso denboraldi ona egin dutela. Datorren urteko taldea ere osatu dute jada, eta talde polita daukatela uste dut.

Urte garrantzitsua izan da muruatarrondako: anaia [Ander Murua] pilotari profesional bilakatu zen iaz, eta orain zuk emango duzu saskibaloian pausoa. Etxean zelan bizi duzue hau guztia?

Anaiak profesionaletara emandako saltoak ezustean harrapatu gintuen, bazirudielako ez zitzaiola aukera iritsiko; poz handiz hartu genuen albistea. Egia da debuteko partiduan ezin izan nintzela Uarkapen egon, AEBetan nengoelako, baina ordutik partidu guztietara joan naiz. Badakit anaiak ere nire saskibaloi partiduak on-line jarraitu dituela, nahiz eta asko gaueko ordu txikitan izan [Barre].

Non dago sekretua? Bi anai-arreba kirolari profesional... ez da ohikoena...

Umetatik egin izan dugu biok kirol asko, eta kirol ezberdinak, gainera. Nik gazteagotan palan jokatzen nuen eta Ander saskibaloian ere ibilitakoa da. Anaiak egiten zuen hori egin nahi izaten nuen nik ere, diziplina eta lanerako jarrera horrekin, eta uste dut etxetik ere hori jaso dugula, kirola egiteko kultura horretan eragin dutela, baina modu orekatuan. Talde ona sortu dugu etxean.

Hortaz, gutxigatik ez zaitugu pilotari izan…

Ez da izan gura ez nuelako. Uarkape ondoan bizi gara eta anaiak bizitza osoa eman du frontoian; askotan, aitarekin. Baina Arrasaten ez zegoen emakumezko pilotaririk eta Bergarara joaten hasi nintzen palan jokatzera. Momentu batean, kirolez aukeratu behar izan nuen, eta saskibaloia aukeratu nuen.

Amaitzeko, zein izan da AEBetan jokatu dituzun denboraldietan izan duzun momentu gogoangarriena?

Azken denboraldiko momentu bat nabarmenduko dut, Fordham taldearekin jokatzen nenbilela. Aurrean Duquesneko neskak genituen eta partidua amaitzeko hiru segundoren faltan hutsartea eskatu genuen (62-62). Entrenatzaileak niretako jokaldi bat irudikatu zuen eta partidua amaitzear zela uztai azpira barneraketa egin eta garaipena eman zigun saskiratzea lortu ahal izan nuen (64-62). Momentu ederra izan zen, film amerikarretan ikustera ohituta gauden amaiera izan zuen partidu hark [Barre].

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak