Igoeran bero, gailurrean haize fresko gutxi, eguzkia, eta mendian, beti bezala, bidea eta bidaideak. Hala iritsi zen Urmuga eguazten honetan Debagoienera, Urkiolatik abiatu eta Besaiden geldialdia egin zuen, hogei kilometro inguruko etapa bat egin ondoren. Aurten seigarren aldiz antolatu duten egitasmoak Euskal Herriko lurraldeak lotzen ditu mendiz eta musikaz, eta egun hauetan, paisaien gainetik, historia eta sinboloak ere guztiz agerian gelditzen dira.
2025eko edizioak badu berezitasunik. Uztailaren 11n abiatu zen, Arabako Gorobel mendilerrotik, eta uztailaren 31n amaituko da, Zuberoako Santa Grazin, eta ibilbideak lotura historiko argia egin du Iruñeko Erresumarekin: antzinako bideak eta isurialde historikoak jarraitzen ditu, eta horrela zeharkatzen ditu Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Nafarroa Beherea eta Zuberoa –Euskal Herriko lurralde guztiak Lapurdi izan ezik–.
Debagoienean amaitu zen etapa, seigarrena, Urmugaren une berezia izan zen. Urkiolatik abiatu ziren goizean mendizaleak, eta eguerdirako Besaiden bildu ziren guztiak, hiru lurralde historikoen arteko elkargunean. Tokiak badu esanahirik: harlauz handiaren azpian daude mendizaleen oroimena eta herrien arteko zubiaren sinboloak. Han bildu ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, baita herritarrak ere, begiak gailurrean eta belarriak soinuan.
Felipe Uriarte Urmuga egitasmoaren sortzaile eta antolatzaileetako bat bertan izan zen, eta urteak daramatza kultura eta mendia uztartzen. "Besaide ez da soilik helmuga fisiko bat, gure identitatearen parte da", adierazi zuen. Haren ustez, Urmugak mendizaletasuna baino gehiago proposatzen du: "Natura eta kultura batzea, harremanaren bidez. Etapa bakoitzak zerbait desberdina ematen dizu. Batzuek gailur zorrotzak dituzte; beste batzuek, herri txikiak edo oroimen historikoa. Baina beti dago hari komun bat: elkarrekin egindako bidea eta bidean sortzen den komunitatea".
Komunitate hori ez da soilik bertakoa. Parte-hartzaileak Euskal Herriko txoko askotatik etorri ziren, baina baita kanpotik ere. Cristina Ventosa eta Gema Roldan, esaterako, Gijondik etorri ziren: "Ez genekien zer aurkituko genuen, eta harrituta gaude. Urmuga murgiltze bat da: paisaian, kulturan, hizkuntzan eta musikaren bidez". Gainera, arrasatear batzuk ere batu ziren etapara.
Chruinne taldea, Galiziatik
Arratsaldeak beste tonu bat hartu zuen. Santa Barbara parkeko Goikobalun egin zuten eguneko musika ekitaldia; Galiziako Chruinne taldeak egin zuen kontzertua.
Ingurua bera izan zen agertoki: zuhaitz artean, ikusleek soinuarekin bat eginda entzun zuten emanaldia. Migel Zeberio Urmuga jaialdien zuzendari artistikoak argi dauka zein den ekimenaren berezitasuna: "Horrelako leku naturaletan, musika beste modu batera entzun dezakegu" eta, betiere, eremu naturalak errespetuz zaintzen dituztela gaineratu zuen. Kontzertuak emozioz eta isilunez bildu ditu jendeak; galiziar doinuek eta euskal moldaketek bat egin dute. Hain zuzen ere, hori da Urmugaren funtsa: batzea lurraldeak, pertsonak, kultura eta paisaiak. Urmugaren bideak ekialderantz jarraitu du, 21 etapak osatzeko. Ez da soilik ibilbide bat, ezta soinu-sorta bat. Urmuga esperientzia bat da.