Al Ahli Aran osasun-taldea eta Hilbehera tabernak elkarlanean, azoka solidarioa antolatu dute gaur, lortutako dirua Palestinako Acbat Jaber izeneko errefuxiatuen kanpamendura bideratzeko. Antolatzaileetako bat, Arantxa, han izan zen duela pare bat urte, eta han ikusi zuen errealitateak eraman du gaur bezalako azoka bat antolatzera: "Duela pare bat urte zelan bizi ziren ikustera joan nintzen hara neure kabuz, eta amaitu genuen Acbat Jaber kanpamentuan, eta han lagunak egin genituen. Aurten itzuli egin naiz bisita bat egitera eta ikusi dut urritik hona egoera asko txartu dela. Han egon nintzen hilabetez emakumeen etxean laguntzen, umeekin gauzak egiten, jendea ezagutzen".
Emakumeen Etxe haren lana ikusita, erabaki zuen azoka solidarioa egitera, eta horrenbestez, gaur biltzen duten dirua hara bidaliko dute; Emakume Etxearendako izango da. Adierazi duenez, hainbat ikastaro ematen dituzte, baita emakumeei babes psikologikoa eman ere; behar dutenei janaria eman edota umeei lagundu.
Hala, jendeen donazioen bidez lortu dute azokarako materiala, eta oso eskertuta agertu da, izan ere denetariko materiala eskuratu dute: arropa, bizikletak, liburuak, poltsak... Jendea batu da Hilbehera tabernan, baita azokan ere. Azoka jarri eta bi ordutara, salmenta martxa onean zihoala adierazi du; gainera, orduan hasi da Franz Detourren kontzertu akustikoa. Hala, herritarrak animatu ditu azokara joan eta gauzak erostera, "kausa on batengatik izango delako erosketa". 16:00ak aldera itxiko dute azoka.