Fagor Arrasate "esangura handiko" inbertsioa ari da egiten Arrasaten (Gipuzkoa) duen egoitza nagusian, merkatuko erronka berriei behar moduan heltzeko eta ekoizpen gaitasuna indartzeko helburuz. Era berean, ekinbide berria "lagungarri izango da espazio industrialak optimizatzeko eta berrantolatzeko".
6.000 metro koadroko azalera izango du eraikin berriak, eta egungo lantegira egongo da lotuta –gaur arte, aparkaleku moduan erabili izan du espazio hori–. Kooperatibak 20 milioi eurotik gorako inbertsioa du aurreikusia.
Mekanizatu astuna Arrasaten
Eraikin berriak egitura handien mekanizazio-unitate bat hartuko du, 200 tona arteko pisua duten piezak mekanizatzeko gai izango dena. Horri esker, Arrasaten zentralizatu ahal izango du ekoizpen prozesuan estrategikotzat duen mekanizatu astuneko jarduera. Horrek, "ekoizpeneko fase garrantzitsu" bat indartuko du, eta "hobetu" egingo ditu "prozesuaren efizientzia eta iraunkortasuna".
Fresatzeko makina handiak
Oro har, 30 metro arteko luzerako mahaiak eta 7 metroko altuerako zutabe mugikorrak dituzten fresatzeko makina mandrinatzaileak bilduko ditu Fagor Arrasate eraikitzen ari den eraikinak. Kalitate estandarrak hobetzetik harago, energia kontsumoa eta "CO₂eq isuriak murriztea" ekarriko du horrek. Beraz, "urrats esanguratsua" egingo du "prozesu industrialen deskarbonizazioan".
Inbertsio berriari esker, Fagor Arrasatek Arrasateko lantegian egin ahal izango ditu ekoizpen prozesuko fase guztiak, eta, horrek, pisu handiko osagaiak haien mekanizaziorako beste leku batzuetara eroan beharra saihestuko du, hobekuntza nabarmenak eraginez denboretan, kostuan eta ingurumen inpaktua murrizteko helburuan.
Mugarri bat iraunkortasunean
US Green Building Councilen LEED Gold (Leadership in Energy and Environmental Design) ziurtagiria izango du eraikin berriak.
Nazioarte mailan, ingurumen-jasangarritasunaren eta efizientzia energetikoaren alorretan, "prestigio handiena duten ziurtagirien artean" da LEED Gold, eta, besteren artean, ziurtatzen du egoitzak "estandar zorrotzak" betetzen dituela efizientzia energetikoan, uraren kudeaketa jasangarrian, barruko ingurumen-kalitatean, material arduratsuen erabileran eta isurien murriztean.
Ziurtagiri horrek, "EAEko iraunkorrenen artean" jartzen du Fagor Arrasateren eraikin berria, erreferente bilakatuz lurraldeko industria eta ekoizpen eremuetan.
Energia berriztagarria eta mugikortasun elektrikoa
Industria guneko P-1 y P-4c partzelak bateratzea ere ekarriko du egitasmo berriak. Tartean, eraitsi egin da horietan bigarrenean zegoen Fagor Etxetresnetako bulegoen eraikin gorria, aparkalekuak egiteko.
Markesina fotovoltaikoak jarriko dira aparkaleku horietan, autokontsumorako energia berriztagarria sortzeko. Horrek, CO₂ isuriak murriztea, lantegiaren efizientzia energetikoa hobetzea eta kooperatibak iraunkortasunarekin eta energia trantsizioarekin duen konpromisoa indartzea ekarriko du. Gainera, ibilgailuendako babesa eta itzala eskaintzetik harago, mugikortasun elektrikorako bitartekoak eskainiko ditu espazioak.
Etorkizunari begira estrategikoa den inbertsioa
Oro har, "20 milioi eurotik gorako inbertsioak" –eraikitzea, urbanizatzea, makinaria eta instalazioak barnebiltzen ditu proiektuak– berresten du Fagor Arrasatek Arrasateko egoitza nagusitik bertatik hazteko eta berritzeko duen konpromisoa. Egun erabiltzen ez diren sail industrialak erabilita, "balio erantsi handiko proiektuak garatu eta lanpostu kualifikatuak" sortuko ditu.
Hortik harago, "makina handiagoak eta hobeak" –mundu mailan, handienak– ekoiztea eta kooperatibak produktu zein jarduera-sektore berrietara zabaltzeko duen "dibertsifikazio-estrategia behar moduan" heltzea ahalbidetuko du azpiegitura berriak.
Aurreikuspenen arabera, 2026ko apirilean bukatuko lirateke eraikin berriko obrak, eta 2027aren hasieran jarriko litzateke martxan.