Ziklo aldaketa baten aurrean dago Ointxe!

Xabier Urtzelai 2025ko uzt. 4a, 14:09

Hamalau urtez EBAn jokatu eta gero –gaur egungo FEB3–, Ointxe!-ko zuzendaritzak erabaki zaila hartu du: gizonezkoen talde nagusiak kategoria galduko du. "Ondo hausnartutako erabakia izan da", dio Iñaki Ogarak, kirol-zuzendariak.

Ez da erraza izan, baina erabakia hartu dute. Mondragon Unibertsitateko senior mailako talde nagusiak ez du FEB3 kategorian jarraituko, nahiz eta kantxetan Julen Berrocalen aginduetara taldeak mailari eutsi dion. Bizitzako gainontzeko arloetan moduan, kirol taldeetan ere zikloak izaten dira: emakumezkoen taldea hazi egin da, baina gizonezkoen taldean errelebo aldaketa dator. "Ez da erabaki erraza izan, eta ez dugu bote-prontoan hartu, denbora asko generaman egoeraren gainean hausnartzen. Lehenengo taldea ze momentutan dagoen ikusten ibili gara, FEB3 kategorian jarraitzeak zer dakarren, ze etorkizun izan genezakeen hausnartzen, eta bai, kirol mailan atzerapauso moduan uler daiteke, baina uste dut klubari ondo etorriko zaiola. Indarrak errekuperatu eta harrobiko jokalariei lekua egiten joatea dira motiboetako batzuk", dio Iñaki Ogara Arri-k.

Harrobian indarra egin

Erabakia hartzeko motiboen artean egon da talde nagusiaren eta harrobiko taldeen artean gaur egun dagoen arrakala. "FEB3 oso kategoria zorrotza da, ezaugarri konkretu batzuk behar dira bertan lehiakor izateko, eta harrobian ditugun jokalariendako bigarren taldetik lehenengora salto handiegia zegoen. Harrobikoek gora iristeko zailtasunak badituzte... Eta horri batu behar zaio hau kategoria garestia dela. MUk urte hauetan lortu duena ez da izan normala, oso aurrekontu apalarekin lehiakorrak izan gara eta. Baina hori lortu dugu zenbait astro parean jarri direlako. Balanzategi edo Lorenzo moduko jokalariek lortu dute oso maila oneko jokalariak –Martin Buesa, esaterako– etxean moduan sentiaraztea, taldea egin dute, eta guk kirol proiektu erakargarria eskaini ahal izan diegu. Hori beste leku batzuetan diruarekin lortzen dute, eta guk ez dugu halakorik. Baina zikloak amaitu egiten dira eta onartu egin behar da, eta hobe da halako erabakiak orain hartu, eta ez beranduegi denean".

Jokalari asko, kanpoan

Ointxe!-ko kirol-zuzendariak urte hauetan Ointxe!-ren harrobiak eman dituen fruituak azpimarratu ditu. "Arrasateko jokalari asko daude gaur egun FEB mailan jokatzen, kanpoan, eta hori ere bada etxean lan ona egin den seinale. Alde horretatik, urte oso emankorrak izan dira herriko saskibaloiarendako. Andoni Atxa eta Oier Inda Iraurgin daude, Iker Barbero Katalunian, Bingen Errasti Bilbao Basketen, Enaitz Errasti eta Markel Errasti Zornotzan, Galder Errasti Gasteizen... Haiek Ointxe!-ko harrobitik irten dira, eta normala da bakoitzak saskibaloiaren bueltan esperientzia berriak probatu nahi izatea. Batek daki... akaso, egunen baten etxera itzuliko dira eta beste ziklo bati helduko diogu".

Horren harira, Arri-k esan du lehen taldea bizitzen dabilen momentua onartu egin behar dela, eta aurrera begira jarri: "Martxel Balanzategik erretiroa hartzea erabaki du eta Aitzol Lagunilla Donostiara doa ikastera. Zamora, Orue, Estalayo... haiek kanpotik etorri ziren eta ez dute jarraituko. Belaunaldi aldaketa izango da taldean, eta harrobitik jokalariak igoko dira maila berrira". Oraingoz, baina, ez dago esaterik MUk non jokatuko duen; lehenengo maila nazionalean jokatzeko ahaleginetan dabil zuzendaritza. "Eta zintzoak izan behar dugu. Jende gehiago erakarri nahi dugu Iturripera, eta ez dugu nahi beste lortzen. Hor ere lanketa egin behar dugu, zaletasuna sustatu. Neskak LF2n daude, oso maila polita da, baina zaila da zaleak erakartzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak