Hainbat berrikuntza egin dituzte Musakolako kiroldegian, eta gaur, eguena, egin dute horien berri emateko prentsa agerraldia. "Gaurtik aurrera, herritarrak NIK txartel digitalaren bidez sartu ahalko dira kiroldegira, eta erabiltzaileek igerilekurako tiket automatikoa ere eros dezakete makina berrian. Gainera, tornu sistema berria ezarri dugu, sarrerak eta irteerak azkartu eta erabiltzaileen esperientzia hobetzearren", azaldu du Mikel San Miguelek, Arrasateko Udaleko Kirol zinegotziak.
Gaineratu du digitalizazioa ez dela etorkizuna, oraina baizik. "Ezarri ditugun sistema berriekin, erabiltzaileentzat traba batzuk ezabatuko ditugu eta esperientzia azkarrago, erosoago eta intuitiboago bat eskainiko dugu", adierazi du San Miguelek. "NIK txartel birtuala tresna estrategikoa da udal instalazioetan aurrerapauso teknologiko sendoak emateko". Mugikorrean deskargatu daiteke NIK aplikazioa –NIK patrika digitala–.
Eusko Jaurlaritzak sustatutako txartel digital horrek herritarrei identifikazio eta autentifikazio digital segurua ematen diela nabarmendu dute. "Telefono mugikorrean aktibatzen den bertsio birtualak sarbideak errazten ditu, plastikozko txartelik gabe".
Txartelak hainbat funtzionalitate bateratzen ditu: identifikazioa, sarrerak, eta ordainketa-sistemekin integrazioa. "Musakolako kiroldegiaren kasuan, lehen urratsa da hiri-ingurune adimendun baterantz", dio Kirol zinegotziak. Aplikazioa mugikorrean deskargatu daiteke, doan.
Sarrerak eskuratzeko makina eta tornu automatikoa
Bestalde, gaurtik aurrera martxan dago sarrera automatikoak eskuratzeko makina berria, eguneko txartelak zuzenean eskuratzeko aukera ematen duena, hain zuzen. "Horri esker, ilara luzeak saihestuko dira eta erabiltzaileek denbora aurreztuko dute, sarrerako langileengana jo behar izan gabe".
Azpimarratu dutenez, erabiltzaile asko pilatu ohi dira sarreran eguneko sarrerak erosteko eta horrek eragozpen handiak sortzen ditu langileengan, bazkideengan eta eguna pasatzera datorren herritarrarentzat. "Horregatik, helburua da sarrera hori ahalik eta erosoena izatea, eta herritarrek zerbitzu ona jasotzea", dio San Miguelek.
Halaber, tornu automatiko berriak osagarri izango dira sistemaren baitan. "Tornu horiek NIK txartelaren QR kodea, eguneko sarreren barra kodea, gertutasun txartela eta hatz marka irakurri ditzakete".
NIK txartela Uarkapen
Musakolako berrikuntza nagusia, hau da, Nik txartel digitala, iritsi da Arrasateko Udal Bibliotekara ere, eta Uarkapera irailean ailegatuko da. "Abuztuko etenaldia baliatuko dute sarrerako egokitzapen eta lanak egiteko", dio Kirol zinegotziak.