Monterron eta Santa Barbara parkeek hartuko dituzte aurtengo Udabazabal egitarauren bi berrikuntza nagusiak. Batetik, Udalaren eta AED elkartearen elkarlanari esker, zinema emanaldiak berreskuratuko dituzte Monterronen. "Euskal zinema bultzatzea dugu helburu urte osoan zehar, eta Udalarekin aritzen gara elkarlanean, Laburbiran, esaterako. Horrez gain, iaz Bizkarsoro ere eman genuen", dio Itxaro Artolak, AEDko kideak.
Bide horretan, ia hamarkada bat geroago, Monterronen zinemaz gozatzeko aukera izango da. "Ekimen hori berreskuratzeko gogo berezi bat geneukan iaztik, eta proposamena egin genion Udalari, herriko gazte zinemazale batzuekin batera. Izan ere, plataforma handien ondorioz, geroz eta ohitura gutxiago dago zinemara joateko eta hori sustatzea ere izan da helburuetako bat, komunitatea elkartzeko eta pelikulaz elkarrekin gozatu ahal izateko", dio Artolak.
Lehenik, uztailaren 19an Kantauri dokumentala proiektatuko dute. "Kantauri itsasoaren aberastasuna erakustea helburu duen ikus-entzunezkoa da, 70 minutukoa". Bestetik, El Vasco pelikula proiektatuko dute uztailaren 25ean. "Askotariko publikoarendako izan daitekeen pelikula atsegin bat dela esango nuke" azaldu du Artolak. Bi emanaldiak 22:30ean izango dira.
Beste berrikuntza da Urmuga jaialdiak geldialdia egingo duela, lehendabizikoz, Arrasaten. Modu horretan, Galiziako Chruinne taldeak kontzertua egingo du uztailaren 16an, 19:00etan, Santa Barbara parkean, Goikobalun.
Dantza, zirkua eta antzerkia ere bai
Dantzak presentzia nabarmena izango du Udazabaleko egitarauan, uztailaren 11ko eta 18ko emanaldiekin. Hilaren 11n punta-puntako hiru pieza motz ikusteko aukera izango da Zaldibar frontoian, Euskal Herriko bi talde eta Kataluniako beste bat elkarrekin ariko baitira: Lasala, Altraste eta Angel Duran. "Askotariko diziplinak uztartzen dituen egitaraua da eta ikusten dugu ondo funtzionatzen duela. Dantzari dagokionez, goi mailako hiru talderen artean, ordu eta laurdeneko ikuskizun bat egingo dute", azaldu du Karmelo Alberdik, Arrasateko Udaleko Kultura teknikariak.
Hilaren 18an, berriz, Tio Teronen Semeak taldea Herriko Plazan ariko da, "haien gaiztakeriekin", 20:00etan hasita.
Halaber, Trapu Zaharrak konpainia beteranoak Azkena eta bagoaz antzezlana egingo du uztailaren 15ean, Seber Altuben. "Izenak dioen moduan, badirudi erretiroa hartuko dutela; aurreko lan ia guztiekin egin moduan, azken lana ere antzeztuko dute Arrasaten", dio Alberdik.
Zirkuari dagokionez, "geroz eta talde gehiago" daude Euskal Herrian, Kultura teknikariaren esanetan. "Kasu honetan, Transir emanaldia egingo du Rojo Telon konpainiak. Ikuskizun politak egin izan dituzte eta espero dugu berria ere halakoa izatea", gaineratu du.
Musika jaialdi handiak
Urtero moduan, Mondra&Roll eta Arrasate Blues jaialdiak izango dira Udazabal egitarauren baitako indartsuenak. Edozelan ere, Arrasate Musikal Big Band izango da egitaraua irekiko duena, leku berrian, gainera, Zaldibarren. "Ekaineko azken asteburua jaietatik oso gertu zegoenez, uztailaren 4an egingo dugu aurtengoa", dio Zigor Martinezek, bandaren zuzendariak. "Hori dela eta, Monterronen ezingo dugu egin, Mondra&Roll jaialdia dela-eta".
Mondra&Roll jaialdiari dagokionez, uztailaren 4ean eta 5ean egingo dute eta, urtero bezala, Monterronen jendetza biltzea aurreikusten dute. Dena den, sarrerak salgai daude oraindik. Halaber, Fermin Muguruzak borobilduko du jaialdia, domekan.
Bestalde, Arrasate Blues uztailaren 3an hasiko da, eguenean, eta uztailaren 24ra arte, eskaintza musikal zabala izango da herri osoan, hamazazpi kontzerturekin.