Urriaren 4ean borobilduko du Euskal Herrian zein nazioartean egiten ari den bira Fermin Muguruzak (Irun, 1963); kontzertuen zerrenda luzeak orain arte emandakoen eta datozenen aurreikuspenen gainean jardun du ibilbide luzeko musikariak.
Dagoeneko birako 26 kontzertu eginda, zelan zaude?
Daukadan sentsazioa da Everest igo dudala. Bira oso luzea izaten ari da; ondo antolatu dugu, baina azkeneko hilabeteetan nahikoa estutu dugu. Everest Anoeta zen, hori zen gailurra. Horrek ez du esan nahi orain maldan behera goazenik, mendikate horretako jaitsieran gaude eta urriaren 4ra arte heldu behar dugu. Gure eskuetan ez zeuden baldintza asko zeuden, esaterako, eguraldia, eta horrek zama handia eragin digu.
Asteburuan Euskal Herria Zuzenean jaialdian izango zara; gustuko?
Oso gertukoa dut; nire zazpigarren aldia izango da EHZ jaialdian. Bultzatzailetako bat naiz, hasieratik ibili naiz han: Piztu elkartearekin, Esan Ozenkirekin, gure taldeak eramaten...
"Arrasate herriarekin harreman oso estua izan dut bizitza osoan"
Eta uztailaren 6an Arrasaten izango zara; kontzertu berezia hori ere zuretzako, ezta?
Manu Chao konbentzitu nuen joateko; bada, nik nola arraio ez nuen egingo Monterronen kontzertua, Mondra&Roll jaialdiaren azpiegitura baliatuz. Maukakoei proposatu nien, eta pozez zoratzen; beraz, datorren asteko domekan izango gara. Monterron parkea, gainera, oso gustuko dut aspalditik. Askotan izan naiz: Pakito Arriaranen omenaldian, Jul-i egin genion agur-ekitaldian... Egia da Arrasaterekin harreman oso estua izan dudala bizitza osoan. Ikasle garaian Salamancan egon nintzen bizitzen, eta nire pisukideak Arrasatekoak ziren. Hortik etorri zen Arrasatera joateko lotura hori, RIP taldea ikustera..... Pentsa, RIPen kontzertu bat Salamancan antolatu genuen.
Gonbidatu asko izan dituzu biran; horien artean, Des-kontrol taldea. Haiek ere bereziak zuretzako?
Jakina, eta hala bota nuen emozioz betetako momentu batean, baina bada detaile bat azpimarratu behar dena, bira hori guztiori egiten ari banaiz, neurri handi batean, Des-kontrol taldearengatik, eta, noski, Maukakoek eman didaten babesagatik. 60 urte bete nituenean, duela pare bat urte, Irunen festa bat egin genuen, eta Maukako jendeak, sorpresaz, bi talde ekarri zituen: Des-kontrol –nire familiakoak direla badakite– eta Merina Gris –talde berrien artean oso gustuko ditut–. Anaiarena gertatu eta gero, sekulako hondamendia izan zen niretzako eta ez nuen neure burua kontzertuak emateko gai ikusten, ez fisikoki, ez mentalki. Bada, Des-kontrolekoek eurekin kantu batzuk egitera animatu ninduten eta Zaballako espetxera joan ginen kontzertua egitera geroago, eta bertan ziren euskal presoek ea zergatik ez nuen bira bat egiten esan zidaten. Bada, hor egon dira niretzat oso garrantzitsuak izan diren akuilu batzuk. Erabakia hartu nuenean, argi izan nuen lehenengo emanaldian, behintzat, Des-kontrol egotea nahi nuela.
Monterronen, taularen gainean elkarrekin ikusiko zaituztegu?
Ez, nire banda izango dut alboan eta errepertorio osoa joko dugu. Akaso, gero, kanturen batean gonbidaturen bat izango da, baina ez dakigu oraindik.
Sekulako banda duzu agertokian lagun.
Hala da, bai. Banda sortzen hasi nintzenean, ordurako ezagutzen nituen, aurrez guztiekin lan egindakoa nintzen eta. Lan asko egin dugu maila ona emateko, eta mundu guztia txundituta dago. Sekulako inpaktu bisuala du, baita musikala ere.
Añube eta Nakar taldeak izango dira aurretik; pozik?
Oso pozik. Nakar oso gustuko dut, eta jarraitzen ditut, eta Añube ez nuen ezagutzen, baina Ñako lagunak erakutsi zidan eta talde ikaragarria iruditu zitzaidan, abeslariaren ahots sakon horrekin... Hortaz, kartela borobildu egin dugula iruditzen zait.
"Orain dela 40 urte izandako ihesaldia ospatzeko, festa handia egingo dugu Monterronen"
Sarri Sarri 40 urte izena du kontzertuak; ez da kasualitatea.
Kontua da efemerideekin pixka bat obsesiboa naizela. Ikaragarri gustatzen zait gauzak ospatzea; adibidez, nire urtebetea ospatzea ikaragarria izan da beti, eta Iñigo nire anaiarentzako ere bai. Bizitza ospatzea ikaragarria da. Hura dagoeneko ez dago, baina 60 urte beteko zituen egunean hasi ginen birarekin, Biarritzeko Atabal aretoan. Hortaz, Arrasatekoa uztailaren 6an zela ikusi nuenean, esan nuen: "Nola? Ze ona 40 han ospatzea!". Horrenbeste jazarpen, horrenbeste zentsura, horrenbeste mehatxuri erantzunez, ihesaldi haren 40. urteurrena sekulako festa eginez ospatuko dugu. Batzuetan, iruditzen zait txinparta falta zaigula ezker abertzale anitzaren inguruan. Ezker abertzalean dauden kolore horiek guztiak aintzat hartuta diot, anarkismotik, mugimendu autonomotik, eta hori guztia, guk hortik asko edan genuelako. Erradikaltasunak izan duen txinparta hori batzuetan falta dela iruditzen zait.
Sarrionandia etorriko da?
Harekin hitz egin nuen, eta justu zerbait daukala esan zidan. Plateruenara, 40 minutu jaialdira, etortzeko konbentzitu genuen, baina halako toki handiagoekin beldur eszenikoa izaten du. Haren seme Mikel etorriko dela badakit; kar-kar.
Birako momentu gozo bat gogora ekartzeko eskatuz gero?
Anoetan sekulako euripean 30.000 pertsona zoroen pare kanta guztiak abesten eta niri sekulako indarra ematen, baita ni eurei bueltatzen ere.
Gazietara jota, bertan behera geratu zen Mexikoko kontzertua datorkizu burura?
Bai; tragedia baten atarian egon ginen han, eta hori oso latza izango zen gertatu izanez gero. Zorionez, ez zen ezer gertatu, eta, beraz, oso pozik, baina horretara joan ziren, iskanbila baten bila, eta, agian, hildako baten bila. Han bizitzak beste balio bat dauka, eta, zorionez, ez zuten lortu, baina oso gaizki pasatu genuela onartu behar dut.
Orokorrean, publikoari begiratuta irudi eta bizipen politak izan dira; aniztasun handia ikusleen artean.
Duda barik, oso anitza izan da; adin eta profil askotarikoak batu dira kontzertu guztietan. Bilboko kontzertuan izan nintzen horren kontziente, ez nuen-eta horrenbeste jende gazte espero. Sarrera-salmentako datuei erreparatuta, estatistika batzuk ditugu eta badakigu nondik datorren edo sarrera non erosi duen jendeak, baina bestelako daturik ez dugu. Adin batetik aurrerakoak espero genituen hasiera batean, baina, bereziki, Bilboko Miribillako zapatuko kontzertuan harritu egin nintzen horrenbeste gazte ikusita, eta aspaldi elkartu bako jendearen arteko besarkadak eta agurrak ikusita. Donostiako kontzertura ere gazte pila bat joan zirela ikusi genuen, eta Arrasaten ere hala izango dela aurreikusten dugu. Sekulako poza eta harrotasuna ematen digu horrek.
Halako kontzertuek atzera begiratzera bultzatzen dute; zure ustez, gaur egungo musika panoramaren kalteko ala osagarri da hori?
Atzera begiratzeak kalte handia egin du Euskal Herrian, nire ustez, etengabe nahi izan dugulako antzinako taldeak entzun, eta, batzuetan, gu geu egon gara borrokan geure buruaren kontra edo lehen egin genuenaren kontra; pentsa... Ez da Euskal Herrian bakarrik gertatzen, mundu osoan gertatzen da; beraz, hori da dagoen joera bat, baina horren kontra matxinatu egin behar dugu. Hortaz, nire iritziz, kalte egin du horrek, baina, zorionez, gaur egun oso osasuntsua daukagu euskal musika eszena, sekulako talde gazte pila daude, eta askotariko musika estiloetan jarduten dutenak. Beti egon naiz gauzak berritzen; horren erakusle da birako errepertorioa: hastapenetako kantuak daude, baina baita ibilbidean zehar izan ditudan bestelako proiektuetakoak ere. Baina bai, oso kritikoa naiz hemen egon den musika-nostalgiarekin, lehenago egon zena hobea zen uste horrekin; izan ere, hoberena etortzeko dagoela uste izan dut beti.
Publiko zabala esan dugu, baina sentsazio nahiko orokorra da azkenaldian musika entzutera baino gehiago, topagune izateko gogoz joaten dela jende asko.
Agertokitik ez da jendearen berriketa handirik entzuten, baina ikusle moduan joaten naizenean ez zait gustatzen publikoa berriketa baten ari denean musikari apenas kasurik eginda.
Banda ikaragarria alboan
Ondo lagunduta dago Muguruza agertokietan. Honako musikari hauekin osatu du banda: Lide Hernando (gitarra eta ahotsak); Miryam Matah (koruak); Victor Navarrete (baxua); Gloria Maurel (bateria); Gerard Chalart 58 (perkusioa eta duba); Xabi Solano (trikitia); Jon Elizalde (tronboia); Aritz Lonbide (tronpeta); eta Igor Ruiz Fino (saxofoia).