Egubakoitzean, Palestinaren alde mobilizatu ziren hainbat arrasatear, BDZ –Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak– taldeak eta Txosna Batzordeak deituta. Palestina askatu. Israelekin harremanak eten lelopean, San Andresko Maiatzaren Lehena plaza eta Txosna batzordea lotu zituen manifestazioak. BDZ taldeko kide den Iraitz Etxaburuk azaldu zuenez, propio antolatu zuten mobilizazioa Sanjuan jaien bueltan: "Jaien barruan borroka egon behar dela uste dugu, aldarrikapen momentua ere izaten dela".
Mobilizazioak utzitakoarekin eta herritarren erantzunarekin pozik agertu zen BDZ taldeko kidea, espero zuena baino jende gehiago elkartu zela aitortuz: "Oraindik ez dugu taldean hitz egin, baina zenbat jende etorri den ikusita balorazioa positiboa izango delakoan nago. Nik gutxienez ez nuen horrenbeste jende espero, eta hau ikusteak ilusioa eragiten du".
"Garaipen" berria plazaratzeko aukera
Mobilizazio bukaerako hitzartzean Euskal Herri mailan Israelen eta sionismoaren aurka martxan jarritako ekimen eta borroka ezberdinak aipatu ziren, besteak beste CAF enpresaren aurkako protestak; kirol alorrean Israelen "aurpegi zuriketa" ekiditeko borrokak edo Carrefour supermerkatuaren aurkako boikot deialdia.
Arrasaten izandako borrokek ere izan zuten beraien tokia, Douglasen ALMA-k produktuak kentzea lortu izana esaterako. Aspektu horretan garaipen berri baten berri eman zuen BDZ-k aurreko astean: BM supermerkatutik israeldar jatorriko pipak, datilak, ahuakateak eta patatak kentzea lortu zutelako, eta datilak, berriz, Eroskitik: "Zerrajerako Eroski City, BM-k eta Lidl-ek aldiz saltzen jarraitzeko hautua egin zuten. Produktuen aurkako boikot eta presio kanpaina bat abiatu genuen eta dirudienez Eroski City eta BM-ek produktu sionistak kentzea erabaki dute. Boikot eta presio kanpainak eraginkorrak dira".
Musikarien babesa
Musikari eta musika eragileen atxikimendua lortu nahi izan zuten manifestazioaren antolatzaileek. Herriko artistek deialdiari erantzun, eta azkenean 32 musika-eragile batu ziren mobilizaziorako deira: Etxepe, Des-Kontrol, Nick Linbött, Perlata, Aggressive Combat, Garratz, Rebel Noise, Ginka Biloba, Sertx, Añube, El Volquete, Kontralde, Legez Kanpo, Hankaz Gora, Anixe, Tatta, Garazi Barrena, Maniaks, Nealta Folla, Never Surrender, Sin + Taldea, Trumans, Ttakun, Neomak, La Banda del Abuelo, Erromintxelak, Fane, Ekiñe, Dj Goiko, Izadi, Olatz Musika Akademia eta Assata.
Aggressive Combat taldeko Aritz Raijin 'Sid' musikariak azaldu duenez, garrantzitsua da musika-eragileek babesa erakustea horrelako ekimenei: "Garrantzitsua dela uste dut, ahal dugun neurrian gauza hauek babestu behar ditugu eta jendea horrelako gauzetara etortzea lortu". Musikariez gain, bestelako kulturgileek ere izan zuten lekua mobilizazioan, bertsolari eta grafitigileak kasu.
Palestinarren mina
Manifestazio amaieran Zisjordaniako Tulkarm herriko Jana Abdallah gazteak hartu zuen hitza. Honek, palestinarrek bizi behar izaten dituzten egoera bortitzak azaldu zituen: "Zisjordanian ohikoa da israeldar armada gauez jendearen etxetan sartzea, eta batzuetan, gazteak atxilotzen dituzte. Beste batzuetan berriz, bertako ondasunak suntsitzen dituzte. Jendeak beldur handia du. Gainera, kontrol-puntu ugari daude, eta horrek oso zail bilakatzen du mugitzea". Israel egiten dabilena "garbiketa etniko" gisara izendatu zuen Arrasaten bizi den palestinar gazteak.