ALBISTEAK

Sanjuanetarako motorrak berotu dituzte arrasatearrek asteburuan

Sara Lanz 2025ko eka. 23a, 16:34

Ofizialki jaietan gaur murgildu diren arren, ekintzaz beteriko asteburua izan dute Arrasaten. Zapatuan, kuadrillen arteko olinpiadak egin zituzten, domekan erraldoiek eta kilikiek herriko kaleak hartu zituzten eta iluntzean euskaltzaleen elkargune bilakatu zen Dragoi Jana.

56 kuadrilla eta eta 900 gazte inguruk parte hartu zuten bigarrenez egin den Gazte Olinpiadetan. Herriko hainbat plazetan egin zituzten jokoak egun osan zehar. Bazkalostean 28 talde finalaurdenetara pasa ziren, eta final handia Monterron parkean izan zen. Bertan lau talde aritu ziren lehian: goizeko jardunaldian lehen postuan sailkatu den Aerolinea Barata, iazko txapelduna Boniato Crew, Lolailo kuadrilla eta, azkena, garaile izan zen 99 kuadrilla.

Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsaren 40. urteurrena topaketa batekin ospatu zuten. Horretarako, bost konpartsak eskaini zituzten euren ikuskizunak herriko txoko ezberdinetan: Ondalan Deustuko Konpartsa (Bilbo), Txantreako Konpartsa (Iruñea), Bermeoko Erraldoien Konpartsa eta Aretxabaletako Erraldoiak. Ikusmira handia sortu zuen topaketak, eta konpartsa bakoitzak bere emanaldiak eskaintzeaz gain, Herriko Plazan elkarrekin vals bat eta polonesa bat dantzatu zuten.

Atzo iluntzean, euskara erdigunera ekartzeko helburuarekin antolatu zuten beste behin Dragoi Jana AED-ko eta AEK-kako kideek. Eguraldi iragarpena zela eta, Herriko Plazan egin behar zuten afaria azkenean Biteri plazako arkupean egin zuten. 400 lagun izan ziren parrillan erretako txuleta dastatu zutenak.

Ekintzaz betetako asteburua izan den den arren, Arrasateko Sanjuanei ofizialki gaur eman zaie hasiera. Gaurkoan, jai giroak hartuko ditu Arrasateko kale eta plazak, beste urte batez; errementari dantza, sua eta danborrada izango dira protagonista nagusiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak