Arrasateko EAJk bost proiektu "estrategiko" aurkeztu ditu

Naia Laka Arrizubieta 2025ko eka. 19a, 14:30

Gorostizako igogailua, Udala Goikoako urbanizazioa, Zalduspeko autobus geltokia, Musakolako kiroldegia eta La Merced eraikina dira EAJren jomuga, bost toki hauetako proiektuak bultzatzea eta indartzea dira helburu.

Arrasateko EAJk bost proiektu "estrategiko" aurkeztu ditu gaur La Merced eraikinaren aurrean, Udal gobernuak duela bi hilabete aurkeztutako 16 milioiko soberakinetik martxan jartzeko aukera proposatuz.

Bost partida horietatik  Gorostiza auzoko irisgarritasun proiektuan eta Udala Goikoako urbanizazio proiektuan bakoitzerako 100.000 euro sartzea proposatzen dute.

Mugikortasunari ere garrantzia eman nahi izan diote Zalduspeko autobus geltokiaren proiekturako 300.000 euroko partida eskatuz. Geltokiaren proiektua eta plan berezia batera egitea posible dela eta hala egin daitekeela uste dute.

Kirol azpiegituren mapa osatzeko bigarren proiektua Musakolako kiroldegiarena da, eta Iturripe kiroldegiaren aurreproiektuaren ondotik, Musakolakoaren berriztapena bultzatu nahi dute 600.000 euroko partida proposatuz.

Diru-partida handiena La Merced eraikinaren co-housing proiektuari bultzada emateko erabili nahi dute. Lau milioi eurotan eraikina erosteko aukera dagoela adierazi dute eta, behin eraikina erosita, 2026 eta 2027an proiektua martxan jartzea dute asmoa. EAJrentzako proiektu giltzarria dela adierazi dute.

Argi utzi nahi izan dute ez direla promesa hutsak eta gaur egun Arrasatek behar dituen urrats errealak direla azpimarratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak