Asier Azkaraterendako eta Mondraterendako aurtengo AKS sari nagusiak

Mireia Bikuña 2025ko eka. 19a, 19:47

AKS 205eko sarituak, Maider Morras alkatearekin

Kirolari onenaren eta kirol talde onenaren sariez gain, beste bi banatu dituzte aurtengo ekitaldian: Movistar Team taldeko kirol zuzendari Ivan Velascorendako izan da Udalaren errekonozimendua, eta kirol ibilbidearen saria, berriz, iaz erretiroa hartu zuen Malen Ruiz de Azuarendako.

San Juanen atarian banatu dituzte aurten ere AKS sariak, eta kirolariak eta herriko kirol elkarte askotako ordezkariak batu dira  Kulturolako arkupean egindako ekitaldian.

Izadi Zumalde musikariak izan du ekitaldia musikaz girotzeko ardura, eta lehenengo hiru sariak Udalak erabakitakoak izan dira. Alde batetik, Euskaltel Euskadiko eta Caja Ruraleko txirrindulari izan eta gero, azken urteotan Movistar Team taldeko kirol zuzendari  Ivan Velascorendako izan da errekonozimenduaren saria. "Pozik jaso dut saria, baina urduri ere egon naiz. Munduko proba garrantzitsuetan parte hartu dut, baina, herritarren aurrean berba egitea beti da polita", esan dio GOIENAri Velascok.

Beste alde batetik, Malen Ruiz de Azuaren kirol ibilbidea saritu du Udalak. Arrasateko pertigista Espainiako txapeldun izan zen iaz aire librean, eta halaxe, maila gorenean zegoenean erabaki zuen agur esatea, urte askoan han eta hemen kolore guztietako dominak irabazi eta gero.  "Ez nuen halakorik espero, baina asko eskertzen da herrikideen errekonozimendua", aitortu du Ruiz de Azuak.

Azkenik, talde onenaren saria Mondratendako izan da. Ligan hirugarren, arrasatearrek play-off-etara sailkatzeko txartela eskuratu zuten, eta Donipariren kontra berdindu eta Etxebarrikoen kontra irabazi eta gero, Arrasatearrek Errege Kopa jokatuko dute datorren denboraldian. "Denboraldia biribila izan da, eta sari hau horren lekuko da. Lagun talde moduan sortu genuen Mondrate, baina, hazi eta hazi, ez dakigu noraino helduko garen", azpimarratu du Mondrateko jokalari Kevin Barrancak.

Kirolari onena

Kirolari onenaren saria izan da pastelaren ginga, eta hori ekitaldi amaieran eman dute. Sari hori herritarrek banatzen dute, boto bidez, eta guztira 432 boto jaso ditu Udalak. Bada, botoen ia %27a jasota Asier Azkarate mendi lasterkariarendako izan da aurtengo AKS saria. Gertuen izan dituen hautagaiak izan dira Aitor Madinabeitia karateka (%23), eta Eneritz Urrutia triatleta (%21). “Boto gehien mobilizatzeko gaitasuna duenak irabazten du sari hau, badakigu hori, baina oroigarria bakarrak eramango badu ere, lanaren errekonozimendua finalistetako bakoitzarendako izan da”, adierazi dute ekitaldian bertan.

Asier Azkarate aurreko postuetan helmugaratu zen Arrasate-Udalatxen, hirugarren izan zen Aloñako Igoeran, eta esanguratsua izan da Zegama-Aizkorriko maratoiko debutean egindako lana, euskal atleta onenetakoa izan zelako. Ekainean iritsi zaio helmugan besoak altxatzeko aukera, duela egun batzuk Galdamesko lineako proba irabazi eta Euskadiko txapela jantzi berri duelako. "Txapel horren ondoan ipiniko dut aitortza hau. Botoa eman duten herritarrei eskerrik beronak. Asko eskertzen dut", esan du Asier Azkaratek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak