Goiena Komunikazio Taldeak urteko batzar orokorra egin zuen atzo Arrasateko Kulturaten, kooperatibako bazkide diren langileen zein Udaletako eta euskara elkarteetako ordezkarien parte hartzearekin.
Batetik, azken urteko diru kontuak onartu zituzten bertan, baita 2024an aurrera garatutako proiektu garrantzitsuenak errepasatu ere. "Diru kontuei dagokienez, 2024a pentsatutako moduan joan da. 800 eurora iritsi ez diren irabaziak izan ditugu eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba izanda, guzti berrinbertituko da. Proiektu asko jarri ditugu martxan eta berritze nabarmena izan dugu. Komunikazioaren atalean lanean dihardugu, baita marketinean ere. Goienakide berriak egiteko lanean ere ibili gara. Enpresa sendoagoa izan dadin eta nasaiago ibili dadin lanean ibili gara barrura begira; izan ere, barrura begirako lan horrek gero kanpora begirakoa erakusten du zalantzarik gabe", azaldu du Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusi Iban Arantzabalek. +
Komunitatearekin partekatzeko lokala
Bestetik, 2025erako aurreikuspenen berri ere eman zuten atzoko batzar orokorrean. Horiek aurrera eroateko, aho batez onartu zuten 3,2 milioi euroko aurrekontua izango du Goienak.
2025a, gainera, urte berezia Goienarentzat, eratu zela 25 urte bete dituelako. Hori horrela, abenduaren 1erako prestatzen ari diren ekitaldiarekin borobilduko dira ospakizunak. Baina irabazi asmorik gabeko kooperatibak bestelako proiektuak ere baditu eskuartean: "25. urteurrenarekin lotuta beste hainbat ekimen jarri ditugu martxan; tartean, marka eta produktua berritzea. Baita ere CRM baten bitartez bezeroaren jarraipen zorrotzagoa egitea eraginkortasun handiagoa izateko. Bezeroek igarriko dute zerbitzu hobea emateko lanean ari garela", zehaztu du Arantzabalek.
Komunitatearekin hartu-emana sendotzeko, gainera, Otalora Lizentziaduna kalean dagoen lokal bat ere egokituko du Goienak, Iban Arantzabalen esanetan 60-70 lagunendako tokia izango duena: "Bertan formakuntza, hitzaldiak, pantaila bidezko transmisioak edo erreportajeen estreinaldiak... egin nahi ditugu. Mugimendua sortuko den espazio fisiko bat izango da. Izan ere, orain arte komunitatea sarean egin dugu, modu birtualean. Baina pentsatzen dugu gurea bezalako euskarazko tokiko hedabide batek fisikotik ere behar duela eta hori lokal fisikoarekin lotuko dugu".