Gaur aurkeztu du Ternua Group-ek borondatezko hartzekodunen lehiaketa Donostiako auzitegian. Azaldu dutenez, mundu mailan ehungintzaren sektorea "une kritikoa" ari da igarotzen, eta sektoreko marka nagusiak kolokan jarri ditu: "Konpainian eragin gogorra izan du".
Borondatezko hartzekodunen lehiaketa aurkeztu ondoren, Ternua Group-en hitzetan, "konpainia konkurtso-administratzaile batek zuzenduko du, eta hark hartuko ditu ekoizpen-unitateen etorkizunari buruzko erabakiak, horietatik irits daitezkeen eskaintzei buruzkoak, bai eta taldeko langileei buruzkoak ere", hala ezartzen baitu Lehiaketa Legeak. Helburua da ekoizpenari eta lanari eustea: "Aurkeztutako lehiaketak ekoizpen-unitateetako baten eskaintza loteslea dakar berekin, zehazki, Loreak Mendianena, eta aipatu epaitegiko magistratuak hilabeteko epean ebatzi behar du eskaintza horri buruz".
Ternua, Astore, Lorpen eta Loreak Mendian markek osatzen dute Ternua Group, eta egoitza nagusia Arrasaten badago ere, beste ekoizpen planta bat dauka Etxalarren. Une honetan, 180 langile ditu.
2023tik "egoera delikatuan"
34 milioi eurotik gorako diru-sarrerekin itxi zuten 2023a, baina emaitza negatiboa izan zen, eta zorra handituz joan da. Nabarmendu dute egoera horri erantzun egin dietela "zorra birfinantzatuz, haren egitura eta gastua optimizatuz, eta inbertsioa eta hazkuntza bultzatuz". Ternua Group-en esanetan, 2022ko bigarren seihilekotik kaleko arropen kontsumoan beherakada "nabarmena eta jarraitua" izan du merkatuak. 29,2 milioi euroko fakturazioarekin, emaitza negatiboarekin eta 16 milioiko zorrarekin itxi zuen 2024a.
Azken bost urteetan gertatutako lau puntu nabarmendu dituzte hartzekodunen lehiaketara aurkezteko arrazoi gisa. Batetik, koronabirusa: Loreak Mendian erosi berritan –2019–, asmoa irabazi handiagoak lortzea bazen ere, osasun-krisiak inbertsioa indargabetu zuen neurri handi batean, eta "metatutako stockari eta hornitzaileekin zituzten betebeharrei aurre egiteak zorra handitzea ekarri zuen".
Azaldu dutenez, pandemiaren ostean, kontsumo ohiturek aldaketa handiak jasan zituzten. Bestalde, nazioarteko hornidura-katearen krisiaren ondorioz, "kostuak nabarmen igo ziren", eta azaldu dutenez, Ukrainiako gerragatik inflazioaren hazkundeak eta kontsumitzaileen erosmen ahalmena jaisteak ere eragin du.
Akziodunak eta langileak
Ternua Group-en ibilbidea
Esan bezala, Ternua, Astore, Lorpen eta Loreak Mendian markek osatzen dute Ternua Group. Taldea 2014an sortu bazen ere, Astore eta Ternua ditu hastapenetan.
Import Arrasate enpresaren hiru marka komertzialetako bat da Astore, eta 1989an sortu zen Arrasaten. Enpresa horrek kirol-arropa eta harekin erlazionatutako materiala ekoizten du. Besteak beste, bere historian zehar, Euskal Herriko hainbat futbol talderen ekipazioak ekoiztu ditu, baita pilotakoak ere.
1994an, berriz, outdoor arropa munduan murgiltzeko asmoarekin, Ternua marka sortu zuen. 2006an haien ehunak garatzen hasi ziren, eta horrenbestez, nazioarteko merkatuan presentzia indartu zuten. Besteak beste, 2010etik Euskal Mendi Federazioarekin lankidetzak egin ditu mendi eskiko-mendi-lasterketetako, eski nordikoko eta alpinismoko selekzioak jantziz.
2014an erosi zuen Ternuak Lorpen enpresa –galtzerdi teknikoak egiten dituen enpresa– eta baita Lorpenek Etxalarren zuen ekoizpen planta ere. Urte horretan bertan Astorek, Ternuak eta Lorpenek Ternua Group osatu zuten. Aipatzekoa da, 2023an Taldeak milioi bat euro inbertitu zituela %30eko edukiera handitzeko.
Taldera batutako azken enpresa izan da Loreak Mendian. 2019an erosi zuten kaleko modako arropak ekoizpen marka.
Arrasateko Udalaren babesa
Albistearen harira, Maider Morras Arrasateko alkateak honako hau jarri du bere sare sozialetan: "Albiste txarrak heldu zaizkigu Ternua Groupetik. Ehungintza sektoreak bizi duen krisi globalak bete betean kolpatu du Arrasaten errotuta dagoen taldea, eta ondorioz, herriko familia eta pertsona asko. Kaltea txikiena izan dadin Udalaren babesa izango duzue. Ez zaudete bakarrik".