Gipuzkoako zuri-gorri eguna ospatu dute Arrasaten 100 bat lagunek

Mireia Bikuña 2025ko eka. 9a, 14:30

Athleticek Gipuzkoan dituen hemeretzi lagunarte ofizialetako ordezkariak eta Athletic zaleak elkartu ziren Arrasateko ospakizunean, joan den zapatuan. Andoni Gorosabelen gurasoek Imanol Etxeberria lagunartearen oroigarri bat jaso zuten, Angel Mari Peñagarikanoren bertso batekin. Lagunarteko bazkariarekin biribilduko zuten eguna.

Arrasateko Buenuena jatetxea izan zuten elkartzeko gune. Haraino iritsi ziren Athleticeko lagun-taldeetako ordezkariak: Eibarkoak, Tolosaldekoak, Arrasatekoak, Zumaiakoak edo Irungoak. Athletic pasioz bizi duten adin guztietako zaleak.

Luntxarekin hasi zuten eguna, eta Athleticen ereserkia ozen ipinita. Atheticeko jokalari Andoni Gorosabel arrasatearraren gurasoek ere batu ziren ospakizunetara. Are gehiago, Imanol Etxeberria lagunartearen oroigarria jaso zuten: Besaide irudikatzen duen eskultura, Angel Mari Peñagarikanoren bertso batekin.

Kalejira ere egin zuten, eta bazkaltzeko batu ziren gero. Talde zuri-gorriaren denboraldi bikainari buruz berba egiteko aprobetxatu zuten guztiek; eta bereziki, lagunarteen arteko sarea sendotzeko.

Gipuzkoako V. Zuri-gorri egunaren ostean, seigarrena etorriko dela ez dute zalantzarik. Aurretik Tolosan, Zarautzen, Elgetan eta Eibarren egin zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak