2025-2026ko ikasturterako hainbat tasa %2 igotzea onartu du udalbatzak

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko eka. 4a, 10:06

Ekaineko ohiko osoko bilkura egin zuten atzo, martitzena, eta tasen igoera izan zen gai nagusietako bat. Bestea EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioa izan zen, "Israel Gazan egiten ari den operazio militarra" gaitzestekoa. Hori ere onartu egin zuten.

2025-2026ko ikasturtean %2ko igoera izango dute kirol ikastaroetako tarifek, Udal Euskaltegikoek eta ingurumen hezkuntzari buruzko ikastaroek. Hala onartu du udalbatzak ekaineko osoko bilkuran. 

Joseba Ezpeleta Ogasun zinegotziak nabarmendu du tasen igoera "beharrezkoa" dela ongizate kolektiboa bermatzeko, "ikuspegi progresista batetik". Gaineratu du tasak gutxienez KPIaren arabera igotzea funtsezkoa dela, hainbat arrazoirengatik. "Zerbitzu publikoak babesteko, zerga ekitatea eta progresibitatea lortzeko, toki ogasunen iraunkortasuna lortzeko, ongizate estatua babesteko, gardentasuna eta aurreikusgarritasuna lortzeko edota zerbitzu publikoen desjabetze isila saihesteko, besteak beste".

EAJk osoko zuzenketa bat aurkeztu du, tasen igoerarekiko desadostasuna erakutsita. "Batetik, Udalaren egoera finantzarioa ona da. Bestalde, uste dugu euskara ikasteagatik tasak igotzea ez dela doakotasuna bultzatzea. Azkenik, duela bi urte baino gehiago ordainduko dute herritarrek kirol ikastaroengatik, eta Udalak lehengo kopuru bera ordaintzen du zerbitzu hori eskaintzeagatik. Gainera, iazko %3ko igoera gehituta, %5eko igoera garestitu da zerbitzua arrasatearrentzat", azaldu du udal bozeramaile Ander Garayk.

Johanna Sanchez zinegotzi sozialistak ere ildo beretik egin du haien irakurketa: "Ados gaude EAJrekin. Ez gaude ados igoerarekin; uste dugu iazko igoerarekin nahikoa dela". 

Elkarrekin Arrasateren zinegotzi Eva Abuinek "demagogia" egitea leporatu dio oposizioari. "Kirol ikastaroetako igoerak ez dira euro batera iristen. KPIaren araberako igoera da, fiskalitate progresiboan oinarritutakoa". Hala, osoko zuzenketak ez du aurrera egin eta tasen igoera onartuta gelditu da.

EAJren eta sozialisten mozioa, onartuta

Horrekin batera, "Israel Gazan egiten ari den operazio militarra" gaitzesteko mozioa aurkeztu dute EAJk eta PSE-EEk, eta aurrera egin du. Edozelan ere, EH Bilduk eskatu du mozioko eskaerak puntuz puntu bozkatzea. 

Jeltzaleek zein sozialistek adierazi dute Gazan gertatzen ari dena genozidioa dela. "Mozioa hona ekarri gura izan dugu, hain zuzen, genozidio hori irmoki salatzeko, eta pozten gara puntu ia guztiak aho batez onartu izanagatik".

EH Bilduk, esan moduan, puntuz puntu bozkatzeko eskaera egin du, mozioari "irmotasuna" falta zaiola argudiatuta, eta puntu batzuetan abstentziora jo du, baita Elkarrekin Arrasatek ere. "Adibidez, mozioak dio urriaren 7ko gertaeren ondoriozko egoera bat dela, eta uste dugu ez dela horrela. Israel duela 40 urtetik ari da behin eta berriz Palestina erasotzen", adierazi du Kepa Urteagak, EH Bilduren udal bozeramaileak. 

Abuinek, azkenik, oposizioari eskatu dio halako gai baten lanketa "elkarlanean" egitea, bakoitza bere aldetik mozioak aurkezten ibili beharrean.

Hamar eskaera jasotzen ditu mozioak, besteak beste, honako hauek: "2023ko urriaren 7an Hamasek egindako eraso bortitza gaitzestea; Gazako populazio zibil palestinarraren aurka egindako genozidioa irmo eta ñabardurarik gabe gaitzestea; berehalako su-eten iraunkorra eskatzea; Europar Batasunak bere eragina eta boterea erabiltzea giza eskubideen, justiziaren eta kontuak ematearen alde; eta Arrasateko herriaren elkartasun aktiboa adieraztea Palestinako herriari eta gerren biktima guztiei eta munduan gertatzen diren giza eskubideen urraketa justifikaezinei".

Mozioaren harira, sozialistek talde argazkia atera dute.

Osoko bilkura txikia egin dute

Aurrez, osoko bilkura txikia ere egin dute, Eskolako Agenda 2030 ekimenaren baitan, eta Udalari hainbat eskaera egin dizkiote Arrasateko Herri Eskolako eta Arizmendi Ikastolako ikasleek, Udalako Ingurumen Eskolan landutakoaren arabera. Hain zuzen, ikasturtean landutako txostena irakurri dute ikasleek udal ordezkarien aurrean, eta proposamenak aintzat hartuko dituztela adierazi dute horiek.

Ikasleek banan-banan irakurri zuten haien zatia, Udalari hainbat eskaera eginez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak