Arrasatek herri-marka berria aurkeztu du 'Ate berriak zabalduz' lelopean

Uxue Arakama 2025ko mai. 29a, 18:22

Arrasateko Udalak herri marka berria eman du ezagutzera Seber Altubeko plazan egindako aurkezpen publikoan.

Ekitaldian, Ane Zuazubiskar bertsolariak eta Marta Eizagirre musikariak markaren kontakizun poetiko musikala egin dute. Herriko hainbat elkartetako kideak ere izan dira bertan; Ihabar Arriaran, Arrasate Rugby Taldeko kidea; Idoia Peñacoba, Mondragon Unibertsitateko idazkari orokorra; Fuityy Mahamud, Saharar komunitateko kidea; Eider Etxebarria, Bizipoz kooperatibako kidea; eta, Maria Oses, kulturgilea eta artista.

Hori gutxi balitz, eta eguraldia lagun, luntxa, tote bag bana eramateko aukera, photocalla eta txikienentzat Txatxilipurdik kudeatutako espazio berezi batez gozatu ahal izan dute bertara gerturatu direnak.

Marka berria, arrasatear identitatearen isla

Herri-marka berri hau, hiru elementuz osatuta dago: kontakizuna, leloa eta irudi grafikoa. Ate berriak zabalduz leloak bi helburu ditu. Arrasatearren izaera bidegilea islatzea, eta era berean, herritarrei euren herriaren etorkizunaren eraldaketan parte-hartzeko gonbita eginez.

Irudiak ate bat iradokitzen du, leloari men eginez. Hori bakarrik ez, herritarren iruditegian hain errotuta dauden herriko arkitektura eta dragoiaren azala ere irudikatu ditzakegu.

"Ez da logo bat, ezta kolore sorta bat ere. Tresna bat da, tresna kolektiboa, gainera" azaldu du Maider Morras alkateak. Arrasatearren nortasuna, elkarlana eta etorkizunerako ikuspegiak irudikatzen dituela azaldu dute Udaletik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak