Arrasateko EAJk prentsa agerraldia egin du, Udal Gobernuaren lehen bi urteetako jarduna baloratzeko asmoz. Ander Garay bozeramaile jeltzaleak adierazi duenez, Gobernua "hitz onetan eta hasierako argazkietan ainguratuta" geratu da, "arrasatearrek eskatzen dituzten ezinbesteko azpiegiturak aurrera ateratzeko urrats zehatzik" egin gabe.
Hainbat adibide dira, haien usteetan, Gobernuaren "paralisia" islatzen dutenak: "Iturripe geldirik dago behin betiko proiektua izateko epe argirik gabeko aurreproiektu batean; Amaia antzokiak ez du, bi urteren ondoren, hasitako proiekturik ere; Grupo San Juanek ideia fasean jarraitzen du zehaztasunik gabe; Gudarien Plazak ez du emaitzarik prozesu parte-hartzailearen ondoren; terrazen ordenantzak behin betiko idazketa gabe jarraitzen du; Udala auzoko proiektua oraindik ez da aurkeztu, 2024rako aurreikusita egon arren; eta BAZek ordutegi murrizketak izan ditu agindutako obrak hasi gabe".
Horrez gain, kritikatu dute Monterron jauregiak bi urte daramatzala itxita parte-hartze prozesurik ireki gabe, eta Mesedeetako ikastetxeko cohousing proiektua geldirik dagoela, "Udalak ez baitu eraikina erosi ere egin", Garayren esanetan. "Kudeaketarako ezintasuna agerikoa da, aurrekontu parte-hartzaileak bertan behera uzteari eta Mugikortasun Plana bezalako erabakietan gardentasunik ez izateari gehituta. Funtsezko proiektuak geldiarazi dituzte eta herritarrak kanpoan utzi dituzte".
Era berean, Udal Gobernuaren "autokritika" falta salatu dute jeltzaleek. "Gauzak ondo egiten dituztenean, argi adierazten dute haiek egin dutela, baina gaizki egiten dutenean, ez dute ezer esaten", dio Garayk. Halaber, Gobernu taldeari egotzi diote abiadura kontrolatzeko radarrak martxan jartzeko "moteltasunaren" erantzukizuna: "Bi urtean ez dute radar bakar bat ere aktibatu, horrek bide segurtasunerako dakarren arriskuarekin, eta horren errua oposizioari leporatu diote publikoki".
"Norabide aldaketa" eskatu dute
Azkenik, "berehalako norabide aldaketa" eskatu dute, "kudeaketa eraginkorrarekin eta benetako konpromisoarekin", proiektuak zehaztu eta herritarren parte-hartzea "berriz aktibatu" dadin. "Arrasatek erantzukizunez jokatuko duen Gobernu bat merezi du, herritarrentzat beharrezkoak diren proiektuak gidatzeko gai izango dena eta, batez ere, une honetan eskasak direnez, emaitzak eskainiko dituena. Gu prest gaude, orain arte moduan, gure ekarpenak egiteko".