Arrasateko Aniztasun Mahaia osatzen duten hemezortzi eragileetako ordezkariak batu dira gaur Herriko Plazan. Bizitza duin baten alde elkartu direla aldarrikatu dute eta hori oinarrizkoenetik hasten dela nabarmendu: etxebizitza bat, giza eskubideak eta justizia soziala. Halaber, aniztasuna aberastasuna dela adierazi dute, eta ez arazoa.
Hori dela eta, Arrasaten bizi diren pertsona guztiak erroldatzea exijitu dute, baita denek etxebizitza duin eta eskuragarria izatea ere. Halaber, hezkuntzan, osasunean eta zaintzan inbertsioak handitzeko eskatu dute eta arrazismo, matxismo eta bazterketarik gabeko gizartea aldarrikatu. Azkenik, Amerika Elkarteak antolatuta egin duten poesia eta ipuin lehiaketako diplomak ere banatu dituzte, ekitaldia borobiltzeko.
Planaren lehen urtebetea, emankorra
Arrasateko Udal Gobernuak, bestalde, II. Bizikidetza eta Aniztasun Planak (2024-2027) orain arte egindako bidearen balorazioa egiteko baliatu du eguna. Jasone Giraldok, Ongizate, Hezkuntza eta Bizikidetza zinegotziak, adierazi du planak dituen hamasei lan-ildoetatik dagoeneko hamarretan ekintza zehatzak gauzatu dituztela.
Ekintza horien artean, Aniztasun Mahaia bera dago. Izan ere, dagoeneko hemezortzi eragilek osatzen dute mahai hori. Horrekin batera, adierazpen instituzionalak eta elkartasun deiak egiteko konpromisoa ere hartu du Udalak, eta horren adierazle da gaurko elkarretaratzearekin bat egin izana.
Era berean, arreta eta informazio zerbitzuak hobetu dituzte eta, hezkuntzari eta euskarari dagokienez, DBHn bizikidetza tailerrak egiteaz gain, Euskaraz jolasean eta Ereiten programak jarri dituzte abian.
Azkenik, komunikazio inklusiboa lantzen ari dira, Komunikazioa Denontzat proiektuaren bidez, baita errolda sozialaren inguruko protokoloa ere.
Herritar guztien inplikazioa
Udal mailan, zeharlerrotasuna da oinarria. "Planaren zeharkako ikuspegiak udal sail guztien inplikazioa eskatzen du eta, horretarako, parte-hartze eta ekarpenak jasotzeko plangintza espezifikoa ere prestatzen ari gara", azaldu du Xixili Egigurenek, Arrasateko Udaleko Bizikidetza eta Aniztasun teknikariak.
Era berean, Egigurenek dio herritar guztien inplikazioa eskatzen duela planak: "Hau ez da dokumentu bat soilik; Arrasateko gizarte inklusiboago baterako bide-orri bizia da, eta herritar guztien inplikazioa behar du".
Horregatik, Giraldok nabarmendu du plana herritarren eskura dagoela udal webgunean, eta interesa duen edozein herritar gonbidatu du informazioa kontsultatzera eta ekarpenak egitera.