Bosgarrengoz egingo dute Gipuzkoako Zuri-gorri Eguna. Aurretik Tolosan, Zarautzen, Elgetan eta Eibarren egin zituzten. "Athletic zale guztiak gonbidatu gura ditugu, ahalik eta jende gehien batze aldera. Egun ederra pasatzea da helburua, eta futbolari buruz berba egin. Gainera, aurten badugu zer ospatu", esan dute aurkezpenean Imanol Etxeberria lagunarteko kideek.
Ekainaren 7ko jaia 11:30ean hasiko da ongietorri luntxarekin. Ostean, poteoa egingo dute erdigunean; eta 14:30ean, bazkaltzeko elkartuko dira Jokin Zaitegi plazan. Bazkarirako txartelak Buenuena, Tantaka eta Iluna tabernetan eros daitezke: helduen txartelak 3o eurotan eta haurrena 15 eurotan.
Antolatzaileek ehundik gora lagun espero dituzte, eta baieztatu dute Imanol Etxeberria atezain ohia Arrasaten egongo dela. Era berean, Athleticeko zuzendaritzako kideak etortzea espero dute.
Hemeretzi lagunarte
Athleticek hemeretzi lagunarte ofizial ditu Gipuzkoan. Horietatik sei bailarakoak dira: Imanol Etxeberria lagunartea Arrasaten, Athletic 125 lagunartea Antzuolan, Peña Athletic lagunartea Bergaran, Elgetako Intxortako lehoiak, eta Oñatiko Zurigorri taldea eta Ritxi Mendiguren lagunartea.