Begirada gazte batetik abiatuta hainbat gonbidatu bidelagun, sor daitezkeen solasaldi guztiei zukua aterako dietela diote Peryferyka ekoiztetxekoek. "Bai guk eta baita gonbidatuek ere testuinguru garaikidean, eta bereziki arte eta ekintzailetzaren alorretan, presente dauden auzien gainean gogoetak burutuko ditugu".
Peryferyka Podkast #1 Mariasun Pagoaga
Hasierak gorabeheratsuak izaten dira, zoragarriak, hainbat zentzutan ulertuta. Baina bidean zehar izandako oztopo orori aurre egitean datza aktore eta sortzaileen jardunak. Behin erabaki bat harturik, horrekiko burugogortasunak aurrera eramaten zaituelarik. Are gehiago modu ezohiko batean hasi diren horientzat! Nork aurreikusiko luke 61 urterekin interpretazio munduan murgilduko zenik? Mariasun Pagoagak berak ere ez! Baina hala egin zuen, eta orduz geroztik ingurukoaktorerik ezagunenetarikoa bilakatu da. Mahaiaren beste aldean gu gaude, hiru gazte, gaur egun laburmetraiak ekoizten aritzen garenak. Hauxe izan da gure hasiera, eta Mariasunekin batera, gure bizipenei buruz arituko gara, baita Larramendi eta El Color del Engañori buruz ere, bi horietan ezagutu baikenuen elkar laurok!