Ramon Barrutia: "ART desagertuko balitz, zer gertatuko litzateke?"

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko api. 30a, 12:40

Arrasate Rugby Taldeko zuzendaritza taldeak galdetegi bat bidali die bazkideei, lehenik, eta herritarrei, ondoren, etorkizunaz eta elkarteak hartu beharreko norabideaz hausnartzeko. "Gizartearekiko daukagun harremanari buruzko hausnarketa da", dio Ramon Barrutia presidenteak.

Duela lauzpabost urte, etorkizunaz hausnartzen hasi zen Arrasate Rugby Taldeko zuzendaritza taldea, eta, orain, beste pauso bat eman dute bide horretan: bazkideei zein herritarrei galdetegi bat bidali diete. "Kirola eta gizartea aldatu egin dira. Gure elkarteak 52 urte ditu eta ezin dugu gauzak lehen moduan egiten jarraitu. Beraz, gizartearekiko daukagun harremanari buruzko hausnarketa abiatu dugu", adierazi du Ramon Barrutia presidenteak.

Barrutiaren esanetan, kirol gehienek orientazio profesionalean oinarritutako eredu bat daukate. "Eta eredu horretako balio bakarra garaipena da, nahiz eta garaipen hori injustiziekin eta araudia hautsita lortu. Guk ere irabazteko jokatzen dugu, noski, baina guk ez ditugu balio etiko horiek partekatzen. Garrantzitsuena ez da irabaztea, baizik eta ikastea eta jarritako helburuak lortzeko lanean jarraitzea; betiere, talde-lanean".

Kirol asko, gainera, "indibidualizatu" egin direla uste du, eta, taldearen emaitzaren gainetik, "norberaren estatistikek" balio dutela. "Gurea taldeko kirola da, eta, ondorioz, talde-lana da gure oinarria. Hau da, pertsona bat gure taldera badator, pertsona horri inporta behar zaio entrenamenduetara eta partiduetara etortzea; haren taldekideei inporta behar zaie hura etortzea; eta haren gurasoei inporta behar zaie semea edo alaba talde batean edukitzea. Talde baten parte izatea harrotasunez sentitu beharreko kontu bat da, gure ustez".

Horregatik, hainbat galderarekin abiatu dute hausnarketa: "Zein izan behar du gure bideak? Norantz joan behar dugu? Gu desagertuko bagina, zer gertatuko litzateke? Zein garrantzi dauka gu desagertzeak?".

Galdetegiak, hiru bloke

Hiru bloke ditu galdetegiak: "Batetik, kirol arloari lotutako galderak daude, gehienbat jokalariek erantzutekoak; bigarrenean, komunikazioa, taldeko giroa, arlo ekonomikoa eta bestelakoak daude; hirugarrenean, etorkizunera begirako galderak, ARTk hartu beharreko norabidea zein den zehaztuko dutenak".

Presidenteak onartu du ez dituztela erantzun asko jaso, eta, beraz, herritarrak animatu gura izan ditu horretara. Hala, maiatzaren 5era arte egongo da galdetegia erantzuteko aukera. Behin erantzunak jasota, horiek aztertuko dituzte. "Guk, gutxi gorabehera, badakigu zer norabide hartu gura dugun, baina, bazkideen babesik ez badaukagu, alferrik ari gara", dio Barrutiak. "Pertsona guztien praktika ona eta parte-hartzea bermatu behar dugu, euskaraz. Horrez gain, errugbiaren bitartez, pertsonez osatutako testuinguru bat sortu gura dugu, pertsona erdigunean jarrita".

Hiru oinarri ditu ARTk

Hiru oinarri ditu ARTk, presidentearen esanetan: presentzia, parte-hartzea eta garapena. "Presentziak esan gura du guztiok izan behar dugula taldearen parte, taldean egoteko aukera dugula; parte-hartzeak esan gura du taldean ekarpena egiteko aukera dugula guztiok, aktiboak izan behar dugula; eta garapenak aurrerapena esan gura du, hobetzea eta ikastea, bai norberak eta baita taldekideek ere. Azken batean, familia sentimendua izatea da gure oinarria".

Horregatik, kirol integrazioan eta integrazio sozialean oinarritzen da ART. "Gure asmoa da komunitate bat sortzea, elkartasun balioekin: errespetuarekin, ardurarekin, diziplinarekin, berdintasunarekin eta gizarte kohesioarekin, diskriminaziorik eta biolentziarik gabe".

Galdetegian jasotakoak uztaileko batzar orokorrean aztertu gura ditu zuzendaritzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak