Hizkuntza irizpideen zabalkunderako liburuxka aurkeztu du Arrasateko Udalak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko api. 14a, 16:17

Udal mailan eta herri mailan normaltasunez euskara erabiltzeko abian jarri dituen egitasmoen berri eman du udal gobernuak gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Arrasateko udal-langile eta zinegotzien artean euskara sustatzeko Hizkuntza Ofizialen Erabilerarako Irizpideak liburua kaleratu dute, eta horrekin batera, Euskaraldiaren bueltan beste bi liburuxka argitaratu dituzte.

Euskararen Egunean Arrasateko udalbatzak onartutako Euskararen Erabilera Plana zazpigarren plana da, eta Euskara zinegotzi Joseba Ezpeletaren esanetan, aurreko sei planen eguneraketa bat da, egoera eta beharrizan berrietara egokitzen dena. Helburua du euskara zerbitzu hizkuntza izateaz gain, "lan hizkuntza ere izatea udaletxe barruan". Azaldu duenez, langileen "formazioa, lan gaitasuna eta disposizioa oso onak dira", baina urratsak ematea falta zaie euskara bere osotasunean erabiltzeko.

Hala, hizkuntza irizpideen zabalkunde egokia egiteko, Hizkuntza Ofizialen Erabilerarako Irizpideak liburuxka kaleratu du Arrasateko Udalak, eta udal-langile eta zinegotzien artean banatuko du. Lehendik ere bazuten liburu bat, baina Arrasateko Udaleko euskara teknikari Aintzane Lasak azaldu duenez berritu egin dute. Euskararen kudeaketa –lidergoa, hizkuntza prestakuntza eta itzulpenen erabileraz– eta euskararen erabilera –ahoz eta idatziz euskara zerbitzu eta lan hizkuntza izateko jarraibideak– ataletan daude banatuta: "Lan dokumentu bat da. Langile eta zinegotzi guztiei banatuko zaie. Horren helburua da batetik, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta hizkuntza berdintasuna bultzatzea".

Gaineratu du, zerbitzu hizkuntza euskara izatea ondo bermatuta dagoela sail guzietan, baina lan hizkuntza izateko neurri batzuk hartu dituztela: "Arrasateko Udala eredu izatea nahi dugu".

Udal zinegotziak lan-saioetan

Euskararen VII. Planak herritarrak eta udal langileak interpelatzeaz gain, herritarren ordezkari diren politikariak ere barne hartzen ditu. Hala, martxoaren 27an, ordu eta erdiko saioa egin zuten udal zinegotziek. EMUN aholkularitzak gidatuta. Dinamikaren helburuak dira ordezkari politikoek jokatu behar duten rolaz jabetezea eta haien gain hartzea.

“Lan saio hau oso garrantzitsua izan zela uste dut. Batzuetan konturatzen ez bagara ere, herritarron ordezkari garenok eredu izan behar dugu gauza askotan, eta euskara ez da bigarren mailako kontu bat. Euskararekiko dugun jarrera eredu izan behar da herritarrentzat, eta oso ekimen baliagarria izan zen. Saioa konfiantzan eta giro onean garatu zen, eta alderdi guztien parte hartzea izan zen, asko pozten gaituenak” azaldu du Joseba Ezpeleta Euskara Zinegotziak.

Herrira begirako plana

Herritarren aretan Arrasaten normaltasunez euskaraz bizitzeko lanean ari dela adierazi dute, eta EAE mailako Aroa Plana ari dira garatzen GEIKErekin elkarlanean. "Aroa da Udalak euskalgintzako eragileekin batera elkarlanen garatuko duen plana. Lanean ari gara. Planaren diseinuarekin hasita gaude, eta gure asmoa da aurten bertan onartzea herrira begirako plana. Ez da bakarrik izango Udalaren Plana, baizik eta GEIKE osatzen duten taldeekin batera elkarlanean diseinatuko eta garatuko dugun plana izango da".

Ezpeletak dio helburua izango dela Arrasaten euskaraz normaltasunez bizi ahal izateko aukerak areagotzea: "Ea udazkenerako eginda dagoen, eta urtea amaitu aurretik onartzen dugun".

Euskaraldiaren atarian beste bi liburuxka

Hilabete baino ez da falta Euskaraldiaren laugarren edizioari ekiteko. Euskara teknikari Aintzane Lasak aurreratu du 155 entitatek eman dutela izena, eta entitate eta herritar guztiei parte hartzeko deia egin die Euskaraldian nahiz Hikaldian.

Euskaraldiaren bueltan ere, bi liburuxka kaleratu ditu Udalak. Batetik, 2023an aurkeztutako Arrasateko hika poltsikuen liburuxka berreskuratu du, eta herritarren artean banatuko dute, lanketa egin eta herritarrak Hikaldian parte hartzera animatzeko.

Bestalde, AEDrekin elkarlanean, Eskuko hiztegia kaleratu dute: "Ikusi dugu batez ere tabernetan jende asko egongo dela ziurrenik euskaraz jakingo ez duela. Ez dugu nahi Euskaralditik kanpo geratzerik eta oinarri-oinarrizko liburuxka sortu dugu. Batez ere, tabernetan erabiltzen diren kontzeptuak lantzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak