Abenduko ohiko osoko bilkura egin du udalbatzak abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, eta, hain zuzen, Euskararen Erabilera Plana onartu du, babes zabalarekin. "Dokumentu oso teknikoa badirudi ere, bihotz handiko dokumentua da. Dokumentu horren helburu nagusi bakarra da gure Udalean, Arrasaten, eta gure herrian, Euskal Herrian, euskaraz normaltasunez bizi ahal izatea", adierazi du Joseba Ezpeleta Euskara zinegotziak.
Besteak beste, aurreko planetan ezarritako ildoak egungo egoerara eta beharrizanetara egokitzen ditu dokumentuak, "orain arte emandako urratsak egonkortuz, eta datozen urteotako lehentasunak ezarriz", Ezpeletaren esanetan. "VII. plangintzaren helburu nagusia da euskara zerbitzu-hizkuntza izateaz gain, lan-hizkuntza ere izan dadin urratsak ematen jarraitzea".
Halaber, honako hauek ere badira helburuak: planaren zeharkakotasuna erronka gisa hartzea; erakundeko arduradunen inplikazioa eta lidergoa sustatzea eta hizkuntza kudeaketa erakundearen kudeaketa orokorrean txertatzea.
"Lanean jarraitu behar dugu"
Erabilera irizpide berriak jarraituz, lan hizkuntza gisa euskara finkatzeko urratsak ematen jarraitu nahi du Udal Gobernuak. "Langileen euskara maila, orokorrean, oso altua da, eta euskara zerbitzu hizkuntza izatea bermatuta dago. Lan hizkuntza euskara izateko neurriak ematen jarraitu behar dugu, besteak beste, langileei formazioa edota motibazio saioak emanez, ahozko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko. Dena den, langileek egiten duten ahalegina eskertzekoa da", dio Aintzane Lasak, euskararen udal teknikariak.
Udala "aspalditik" ari da euskara sustatzen, Ezpeletak dioenez. "Izan ere, aztertzen eta berritzen ez dena herdoildu egiten da. Asko egin eta aurreratu dugu azken hamarkadetan Arrasaten, euskaraz normaltasunez bizitzeko ahaleginean eta praktikan, baina bide luzea dugu oraindik eta, hori gutxi balitz, erronka berriak areagotzen ari dira: digitalizazio ikusgarria, lurralde anitzetako pertsonen etorrera eta abar".
Halaber, Udalaren zeregina "plan horretatik harago" doala ere aipatu dute. "Herrira begira, Arrasateko euskalgintza osatzen duten elkarte eta pertsonekin elkarlanean ari gara, eta, besteak beste, GEIKEren bidez indarrak batu nahi ditugu, ditugun erronkei arrakastaz heltzeko".
Adierazpen instituzionalik ez
Era berean, Euskararen Eguna mozioa aurkeztu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasate, besteak beste, "euskarak aurrera egiteko ezinbestekoak dituen hizkuntza politikak bultzatu eta horiek babesteko legeen oinarriak adostea" eskatzen duena.
Jeltzaleek babestu egin dute. "Pauso txikiak egitea beharrezkoa da. Euskarak bizi duen oldarraldi judiziala salatzen dugu. Hizkuntza gutxitua izatea gauza bat da baina ezin da gutxietsia izan. Gure alderdiak orain arte egin duen moduan, aurrerantzean ere euskararen alde lanean jarraituko dugu", azaldu du Ander Garayk, EAJren bozeramaileak.
Alderdi Sozialistak, ordea, aurka bozkatu du, "Uemarekin eta Eudelekin hitzartuta dagoenaren aurkakoa izateagatik". Ondorioz, ezin izan dute adierazpen instituzionalik egin, eta Udal Gobernua atsekabetuta azaldu da horregatik. "Pena da gure hizkuntzaren alde guztiok bat egin ez izana", gaineratu du Kepa Urteagak, EH Bilduren bozeramaileak.