'Lurra. Justizia. Bakea' lelopean elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herriko hainbat herritan, tartean, Debagoieneko herrietan ere. Gernika Palestina herri ekimenak egin du deialdia, eta Palestinako herria sufritzen ari den genozidioa salatu nahi izan dute.
Ekimena 2023ko urrian Euskal Herrian jaio zen Israel eta Palestinaren arteko gatazkan emandako gertaerek sortutako arduratik. "Israelgo estatuak palestinarren aurkako genozidio saiakera" salatu du Gernika Palestina herri ekimenak.
"Palestinako herriaren eta gizateriaren aurkako azken erasoen aurrean gure salaketa ozena adierazteko eta nahikoa dela esateko batu gara, eta hemendik, Euskal Herria deritzon munduaren txoko honetatik Palestinako herriari gure maitasuna eta babesa helarazteko. Haritzaren herritik olibondoaren herrira. Gernikaren herritik Gazako herrira", azaldu dute Gernika Palestina herri ekimeneko kideek.
"Jasanezina egiten zaigu Israelen eraso bakar bat gehiago. Jasanezina handik iristen zaigun odolezko eta sufrimenduzko irudi bakar bat gehiago. Jasanezina palestinarren heriotza bakar bat gehiago. Jasanezina hainbat herrialderen eta erakunderen konplizitatea. Jasanezina konponbidean pausoak eman beharrean, genozidioarekin aurrera egitea. Jasanezina eta onartezina da genozidio anker honek segundo bakar bat gehiago jarraitzea mundu osoaren begien aurrean", aldarrikatu dute elkarretaratzean.