Hariberria zentroa ireki dute, sexu-indarkeria jasan dutenei zuzenduta

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mar. 27a, 12:19

Gipuzkoako Foru Aldundiak Hariberria zentroa inauguratu du gaur, eguena. Hala, sexu-indarkeria jasan dutenei arreta integrala emateko bigarren zentroa da lurraldean, Donostiakoarekin batera.

Hariberria zentroaren aurkezpen ekitaldia egin dute gaur, prentsa agerraldi batekin, Arrasaten, eta ekitaldian izan dira Aldundiko ordezkariak, Espainiako Gobernukoak, Emakundekoak zein Arrasateko Udalekoak.

Uribarri etorbidean dago zentro berria eta sexu-indarkeria jasan duten 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta egongo da; haiei, senideei eta gertuko pertsonei laguntza integrala emanez. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak dio Debagoienean "aurrerapen nabarmena" dela gune hori irekitzea, emakumeei aukera ematen baitie instalazio espezializatuetan arreta jasotzeko, Donostiara joan beharrik gabe.

Esan moduan, arreta integrala emango du Hariberriak. "Eskura dituzten zerbitzuen inguruko informazioa, akonpainamendua, laguntza psikologikoa eta laguntza juridikoa. Hori da zentroak modu seguruan emakumeei emango diotena".

Harremanetarako hainbat bide

Esan moduan, 16 urtetik gorako emakumeei zuzendutako zerbitzua da, baita haien senideei eta gertukoei ere. Informazio gehiagorako, hainbat bide dituzte zabalik: hariberria@gipuzkoa.eus helbide elektronikoa eta 900 84 01 88 zein 747 44 43 89 telefono zenbakiak.

Lankidetza, ezinbestekoa

Aldundiak Espainiako Gobernuarekin eta Arrasateko Udalarekin lankidetzan ireki du zentroa. Marisol Garmendiak, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan daukan ordezkariak, adierazi du gai horrek elkarlana behar duela ezinbestean. "Emakumeen segurtasunerako eta duintasunerako zentroa da gaur zabaldu duguna, eta horren adierazle garbia da elkarlanerako behar dugun gaitasuna".

Jasone Giraldok, Arrasateko Udaleko alkateorde eta Ongizate zinegotziak, nabarmendu du sentimendu kontrajarriak dituela. "Tamalez, gaur egun bizi dugun errealitate bat da eta horrelako zerbitzuak beharrezkoak ditugu. Zentroa aukera paregabea da emakume horiei erantzuna eta akonpainamendua emateko".

Hirugarrena, Zaldibian

Zentroak 384.188 euroko aurrekontua izan du, eta PRTR funts europarrek finantzatu dute. Halaber, Donostiakoarekin eta Arrasatekoarekin batera, Zaldibian irekiko dutena izango da Gipuzkoako hirugarren Hariberria zentroa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak