Herria Kantari ekimenaren 35. aldia izan da gaurkoa. Aurreikusi moduan Herriko Plazan eman diote hasiera, baina euria zela-eta hasiera batean pentsatuta zegoen ibilbidea egokitu egin behar izan dute.
Lau taldetan banatuta herriko lau puntutan egin dute kantuan neska-mutikoek irakasleen gidaritzapean: Jokin Zaitegi plazan, Biteri plazan, Taupa tabernako arkupean eta parrokiako arkupean.
Kulturolako arkupean egin dute azken saioa, denek batera. Guraso eta gertuko asko izan dituzte ondoan ibilbide osoan zehar.
Euskal emakume sortzaileen kantuak
Euskal emakume sortzaileei kantuak abestu dituzte; izan ere, hori izan da kantuak aukeratzeko aurten izan duten irizpidea. Hala, entzun diren kantuen artean izan dira, esaterako, Elektrizitatea (Aiora Renteria), Hitzetan (Idoia Asurmendi), Oroitzapenek esnatu naute (Esti Markez), Dena aldatzen da (Ines Osinaga), edo Hor gaude (Neomak + Nerea Ibarzabal).
Uribarri eta Santa Teresa guneetako HH4 eta HH5 taldeetako ikasleak, Gazteluondoko LH2koak eta Arimazubiko LH3koak izan dira gaur kalez kale kantuan.