Arrasateko Gorostizakoak Bizilagun Elkarteak gaur goizean agerraldia egin du Arrasateko Erguingo adinekoen etxean, bertako auzunearen bizi-kalitatea eta irisgarritasuna hobetzeko egindako proposamenak aurkezteko asmoarekin. Gorostizakoak Arrasateko Bizilagun Elkarteak igogailuaren instalazioa, landaretza hobetzea eta beste hainbat hobekuntza txiki aurkeztu dizkio Udalari; betiere, auzoaren egoera hobetzeko helburuarekin.
Gorostiza auzoak 465 etxebizitza eta 1.000 biztanle inguru biltzen ditu, eta kale nagusiak Kalealdea, Larragain, Etxe-azpia, Olaran, Etxeostea eta Maitena dira. Auzoko bizilagunei erdigunetik urrun egoteak mugikortasun eta irisgarritasun arazoak sortzen dizkie, eta, hori dela eta, auzotarrek hainbat proposamen aurkeztu dituzte. "Gure auzoa erdigunetik urrun dagoenez, azkenengo 20-30 urteetan utzita egon da", azaldu du Mikel Olabek, Arrasateko Gorostizakoak Bizilagun Elkarteko kideak. Arazo horri irtenbidea emateko, asmoarekin duela bi urte hasi ziren bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko lanean.
Igogailua Maitena kaleraino
Epe laburreko proposamen guztien artean nabarmentzen da igogailuaren instalazioa. Gaur egun, Bizkaia etorbidetik Larragain kaleraino iristen da igogailua, eta Maitena kaleraino luzatzeko eskaera egin dute. Olabek hauxe adierazi du: "Otsailaren 27an Udalarekin bildu ginen, eta 2025ean proiektua egitea aurreikusi dute. 2026an, berriz, igogailua eraikitzen hastea. Guk hori gauzatzea nahi dugu". Horrez gain, Gorostizako bizilagunek 700 sinadura inguru jaso dituzte, igogailua jartzeko eskaera horren eta gainontzekoen inguruan, eta udalbatzako alderdi guztiekin hainbat bilera egin dituztela jakinarazi dute.
Beste proposamenak
Gorostizako bizilagunek egindako beste proposamen batzuk ere nabarmendu nahi izan dituzte prentsaurrekoan. Adibidez, Kalealdea, Usaetxe eta Erguin aldean igogailuak instalatzea hurrengo agintaldian, agintaldi honetan gauzatzen ez bada. Gune haietan ere igogailu bat egitea egokia litzatekeela azpimarratu nahi izan du Olabek. Arrasateko Gorostizakoak Bizilagun Elkarteko kideak azpimarratu duenez: "Ia 700 firma bildu ditugu, eta bertan ikusi da erdigunerantz bizi den jendeak ere eskatzen duela irisgarritasuna errazteko proiekturen bat. Alde batetik, jubilatuen etxea dago Erguinen, eta han ere erraztasunen bat jarri beharko litzateke".
Gernika pasealekuko frontoia
Aurrera begira, Gorostizako bizilagunek beste hobekuntza batzuk ere aurreikusi dituzte; adibidez, Gernika pasealeku alboko frontoia estaltzea. Hauxe esan du Olabek: "Gernika pasealeku ondoan dagoen frontoia gutxi erabiltzen da, eta hori estaltzea nahiko genuke. Ez bakarrik auzotarrentzat, herritar guztientzat martxan jarri nahi dugu. Horretarako, pilotazaleekin elkartu nahi dugu".
Hartu-eman ona
Gorostizako bizilagunek azpimarratu dute Udalarekin izan dituzten bileretan harmonia ona izan dutela, eta igogailuaren instalazioak auzoari onura handia ekarriko diola. Euren auzoa hobetzeko egindako proposamenekin, Arrasateko Udalari zein beste eragileei auzotarrek bizi-kalitatea eta irisgarritasuna hobetzeko ekimenak aurrera eramateko konpromisoa eskatzen diete.