Herrian kontaktuzko kirolak "dohainik eta modu seguru eta askean" egiteko sortu da Matraila kirol taldea. Badago bailaran kontaktuzko kirola egitea gustuko dutenen gorakada bat, eta eurek ere hori bera sumatu dutela dio Matrailako kide Manex Carabiasek: "Guk badaramatzagu urte batzuk, eta garai hartan ez zen horren ezaguna. Azken urtean gora egin duen kirol bat da, eta ez Arrasaten bakarrik".
Behar batetik abiatuta
Kirol minoritarioak, oro har, eta, kasu honetan, kontaktuzko kirolak, herrian egiteko "zailtasuna" antzeman zuen taldeak; horiek "modu aske eta autogestionatuan" egiteko zailtasuna, hain justu, Matrailako Aitor Etxezarretak dioenez. Hortik abiatuta erabaki zuten taldea sortzea eta herrian eragiten hastea; izan ere, euren nahia da "Arrasateko gazteen arteko auzolana bultzatuko duen gune bat izatea, ordutegi aldetik ere malgua izango dena. Gainera, gune antifaxista ere izango da, eta ez da inoren aurkako erasorik onartuko", Carabiasek eta Etxezarretak diotenez.
Urtebete inguru lanean
Gaur-gaurkoz, Matraila "lantalde" bat dela dio Carabiasek, eta duela urte batetik hona daramate proiektu horren bueltan lanean: "Oraindik, lehenengo fasean gaude, baina urtebete daramagu Udalarekin adostu nahian espazio bat kirol minoritario horiek guztiak praktikatu ahal izateko, eta, poliki-poliki, beharra dagoenean gure artean biltzen, bagabiltza aurrera egiten". Hasiera batean, hortaz, Matrailaren helburu nagusia da "esparru herrikoi bat" lortzea, Arrasateko gazteei bideratutako proiektu bat sortu nahi dutelako hor. Espazioa lortzen duten bitartean, baina, taldea ez dago geldirik, eta, Etxezarretak dioenez, hainbat ekimen antolatzeko asmoa dute: "Taldekideak gogotsu gaude, eta, Udalarekin adostu gura dugun espazio hori lortzen ez dugun bitartean, kalean ibiliko gara, orain arte egin dugun moduan. Aurrerantzean, taldearen asmoa da jardunaldiren bat eta saio batzuk antolatzea. Saioak irekiak izango dira eta interesa duen edonork izango du bertaratzeko aukera; herritar guztiei zuzendutako saioak izango dira".
Kontaktuzko kirolak oinarri
Gaur egun taldea osatzen duten kide gehienek dituzte boxeoko edo kickboxingeko oinarriak. Urte batzuk badaramatzate kontaktuzko kirol horiek egiten, eta euren oinarrian hori dago. Hala ere, taldea osatzen dutenen artean badaude bestelako kirol batzuk egiten dituztenak ere; errugbia, esaterako. Eta haientzat tokia ere badagoela dio Carabiasek: "Oro har, kickboxinga egiten dugunok osatzen dugu taldea, eta bakoitzak bere esperientzia izan du kirol horrekin. Hala ere, gure taldea ez da horretara bakarrik mugatzen, eta gustatuko litzaiguke kontaktuzko kirolak sekula egin ez dituztenak ere hurbiltzea; herritar guztiei zuzendutako aukera bat eskaini nahi dugu".
Zabaltzeko asmoa
Taldearen oinarrian kontaktuzko kirolak badaude ere, Carabiasek eta Etxezarretak diote lortu gura duten espazio horretan beste edozein kirol egiteko aukera egongo dela: "Ideia, orokorrean, kickboxinga egiteko nahi batetik sortu bazen ere, espazioa ez da erabilgarri egongo kirol horretarako bakarrik". Matraila taldekoen proiektuaren ardatz garrantzitsuenetako bat da kickboxinga, baina, "gune autogestionatu eta askea" lortu nahi dutenez, "beste kirol minoritario batzuentzat tokia" ere egongo dela diote taldeko kideek; besteak beste, "yoga egiteko, dantzak egiteko eta bestelako kirolak egiteko".
Matraila taldeak antolatu gura dituen saio irekietara edo ekitaldietara joan nahi duen herritar orok taldearen Instagram kontura idatzita (@matraila. kiroltaldea) edo taldea osatzen dutenetako batekin kontaktuan jarrita lor dezake informazioa.