Otalora Lizentziaduna kalean bi noranzko mantenduko dituzte

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mar. 18a, 12:40

Otalora Lizentziaduna kalean bi noranzko mantenduko dituzte.

Mugikortasun Jasangarrirako Planaren lehen proposamenean, Otalora kalea noranzko bakarrekoa izatea proposatzen zuten, Gipuzkoa etorbideko biribilgunetik Taupa taberna pareko biribilgunera arte, baina bi noranzkotan mantenduko dute azkenean. Halaber, Nafarroa etorbidea eta Zerrajera kalea noranzko bakarrekoak izango dira.

Iazko urrian aurkeztu zuen Arrasateko Udal Gobernuak hasieraz onartutako proposamena, eta herritarrekin hainbat bilera egin ostean, zenbait aldaketa egin dizkiote proposamen hari. Ondo bidean, udalbatzak apirilaren 1eko osoko bilkuran emango dio behin betiko onarpena planari.

Herritarrekin egindako parte-hartze saioen ondoren, eta alegazio guztiak aztertu ostean, aldaketa batzuk egin dituztela azaldu du Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio Ekologikoa eta Mugikortasun zinegotziak. Horiek, betiere, planaren helburu nagusienekin bat datozelako egin dituzte: "Bide-segurtasuna areagotzea, emisioak murriztea eta oinezko eta bizikletazko mugikortasuna sustatzea, ibilgailu pribatuaren erabilera murriztuz. Horrek, ezinbestean, espazioaren berrantolaketa bat egitea dakar, azken urteetan egin bezala".

Plan "aberatsagoa" da orain

Urritik abendura egindako parte-hartze prozesuari dagokionez, "oso emankorra" izan dela adierazi du Etxeberriak. "Proposamenek plana aberastu dute. Hirigintza taktiko bitartez egin daitezkeen esku-hartzeak proposatu dira orokorrean eta horrek planaren norabide egokia erakutsi digu".

Jasotako proposamenak, orokorrean, "arduratik eta konpromiso jasangarri batetik" egin direla ere gaineratu du zinegotziak. "Mugikortasun jasangarrian aurrerapausoak ematea bizi-kalitatean aurrera egitea dela uste dute herritarrek".

Otalora Lizentziaduna kalean, erabaki aldaketa

Mugikortasun Jasangarrirako Planaren lehen proposamenean, Otalora Lizentziaduna noranzko bakarrekoa izatea proposatzen zuten, Gipuzkoa etorbideko biribilgunetik Taupa taberna pareko biribilgunera arte. "Proposamenaren konplexutasuna ikusita eta planaren epe-mugaren barruan txertatzeko zailtasunak kontuan hartuta, planaren idazketa-taldeak erabaki du bi noranzkoko zirkulazioa mantentzea", adierazi du Etxeberriak.

Halere, neurriaren egokitasuna baloratzeko, datuak bilduko dituzte datozen urteetan, trafikoaren monitorizazio eta simulazio azterketa bat eginez. "Horrela, bost urte barru, plana berridatzi beharko denean, datu zehatzak izango ditu Udalak neurria hobeto aztertzeko".

Bestetik, autobus geltoki nagusia Zalduspen kokatuko dutela berretsi du zinegotziak. "Urrats hau hasiera besterik ez da izango etorkizunean autobus geltoki duina izan dezagun. Horretarako, baina, proiektuak prozesu luzea gainditu beharko du". Bertan aurreikusten du Gobernuak eraiki asmo dituzten sei disuasio-aparkalekutatik lehena eraikitzea, autobus geltokiko lanekin batera.

Hirigintza taktikoa indartzea helburu

Horrekin batera, hirigintza taktikoa indartzea izango da planaren helburuetako bat. "Espazio publikoa berreskuratzeko eta haren balio partekatua maximizatzeko prozesu kolektiboa da hirigintza taktikoa. Esku-hartze arinak, kostu txikikoak eta inplementatzeko errazak diren neurriak dira, taktikoki espazioak hobetzeko aukerak proposatzen dituztenak".

Horren baitan, bi proposamen nagusi irten dira herritarren proposamenetatik. Batetik, Elma auzoan dagoen Euskal Herria plazako saihesbidea auzoarentzat berreskuratuko dute. "Auzotarrek egindako eskaera honetan, Deba kaleko errepidea bere abiapuntuko bi noranzkoetara itzuliko litzateke, eta Euskal Herria plazako 'errotonda' desagertuko litzateke".

Bestetik, Nafarroa etorbidea eta Zerrajera kaleak noranzko bakarrekoak izango dira ibilgailu motordunentzako, Kontzezino kalea eta Nafarroa etorbidea Aprendices kalearekin elkartzen diren bidegurutzeraino. "Horretarako, bi noranzko izango duen bizikleta-bide bereizi bat sortuko da, eta zati batzuetan aparkaleku berriak sortzea aztertuko da".

Bidegorri sarea handituko dute

Era berean, bidegorri sarea handitu egingo du Udal Gobernuak eta, bidegorririk ez dagoen lekuetan, motordunen eta bizikleten arteko "bizikidetza segurua" bermatzeko "gune mistoak" margotuko dituzte. "Neurri honek ez du bidegorrien hedapena ordezkatzen, baina bizikletari ikusgarritasun handiagoa emango dio autoaren aurrean. Modu honetan, autoek ezinbestean errespetatu beharreko neurria bilakatuko da", adierazi du Etxeberriak.

San Andres auzoan bidegorri bereizi berria ere egingo dute. "Uribesalgo etxeetan amaitzen den bidegorri bereiziaren jarraipen obrak gauzatu nahi ditugu. Horretarako, dagoeneko esleitu du proiektua idazteko lana".

Hiru igogailu

Azkenik, Mugikortasun Jasangarrirako Planak hiru igogailu aurreikusten ditu: Gorostiza auzoan, Altamira auzoan eta Maiatzaren 1a plazan. Horietako lehena Gorostiza auzokoa izango da. "Igogailu horren proiektua idazteko pleguen prestakuntzan ari gara dagoeneko", nabarmendu du zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak