'Arrasate 360º' izeneko gida birtual autogidatua aurkeztu dute

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mar. 12a, 15:01

Arrasateko aberastasun historikoa ezagutzeko eta herriak barruan duena erakusteko gida interaktibo berria aurkeztu dute gaur Kulturaten, elkarlan zabal baten emaitza, hain zuzen. Arrasate 360º izena jarri diote.

Arrasate bere osotasunean aztertzeko aukera ematen duen gida birtual autogidatua da Arrasate 360º. Hain zuzen, tresna digital horrek aukera ematen du herriko mugarri arkitektoniko, historiko eta industrial esanguratsuenetan barrena ibilbide interaktibo bat egiteko. Izan ere, Erdi Aroko hiribildua eta ondare industriala hartzen dituen ibilbide digital bikoitza eskaintzen ditu, baita arnasguneak eta ingurune naturalak ere. "Aurretik zeuden turismo ibilbideetatik abiatuta garatu dugu gida hau, teknologia aurreratuarekin optimizatu duguna, esperientzia osoagoa eta berritzaileagoa eskaintzeko", azaldu du Jaime Bengoak, Tokiko Ekonomia eta Enplegu zinegotziak.

Bengoak nabarmendu duenez, iazko udaberrian bisita gidatuak egingo zituen profesionalik gabe geratu ziren, eta sortutako hutsunea aukera bilakatu dute. "Hasiera batean turismoari begirako tresna izango zena, hezkuntzarako edota merkataritzarako baliabidea bilakatu da", dio. Proiektua Arrasateko Udalak garatu du, Emovere-Smart Heritage enpresarekin eta Arrasate Zientzia Elkartearen laguntzarekin. "Azpimarratzekoa da, batetik, lan tekniko guztia apartekoa izan dela eta, bestetik, Arrasate Zientzia Elkarteak egindako lan guztia, modu guztiz boluntarioan, gainera", azaldu du zinegotziak. Era berean, Arrasateko Udal Bibliotekak ere egin du ekarpena gida osatzerakoan.

8.000 irudi baino gehiago

Digitalizazio aurreratuko teknologiaren bitartez, Arrasateren hiri eta industria-ondarearen irudikapen zehatza du gidak, bereizmen handiko 8.000 irudi baino gehiagorekin aberastuta. "Gainera, herriko irudi zaharrak, bideoak eta dokumentu historikoak baliatzen dira gaur egungo egoerarekin alderatzeko, hiribilduaren bilakaera arkitektonikoa testuinguruan kokatzeko aukera ematen dutenak".

Geolokalizazio-mapan kokatuz, bisita gidatu bat egiteko aukera dago denbora errealean, Arrasateko kaleetan barrena. "Autogidatutako bisita bat da, online eta doan, deskarga beharrik gabe, eta edozein gailutatik erabiltzeko aukera ematen duena. Bisitariek haien kokapen zehatza ikusi ahal izango dute, aurrera egin ahala, interesgune bakoitzaren azalpenetara sartzen diren bitartean".

Proiektuaren garapenak, Bengoak azaldu duenez, dokumentazio grafiko historikoa integratzea eta garrantzi handiko elementu arkitektoniko eta artistikoak digitalizatzea ahalbidetu du. "Digitalizazioan espezializatutako argazkilari profesionalei esker egin ahal izan da lan zehatz hau. Teknologia horri esker, garai desberdinetako espazio eta egitura jakin batzuk nolakoak ziren ikus daiteke, haien bilakaera ikusteko eta kontserbazioaren garrantzia ulertzeko aukera emanez".

Sarbiderik ez duten guneak ezagutzeko aukera

Gidaren bidez, askorentzat ezezagunak diren txokoak ezagutu ahal izango dituzte arrasatearrek. Hala, gaur egun sarbiderik ez duten gune batzuk ezagutzeko aukera dago. "Esaterako, San Frantzisko elizako aldare nagusiaren atzean ezkutatuta dagoen espazio batean dagoen freskoa, San Juan parrokian gurtutako Amandre Santa Inesen gorputz momifikatua edota kanpandorreko dorrean dagoen museo txiki bat ikus daitezke, baita kanpandorreko kanpaiak ere".

Halaber, herriko hainbat elementuren argazki-digitalizazioa ezagutu daiteke: San Juan parrokiaren koruaren zurezko harlandua, hiribildura sarbide diren Erdi Aroko hiru ateak, udaletxeko oinarrietan zizelkatutako neurriak, herriko etxe garrantzitsuenetako armarriak, hiribildua zaintzen zuen gaztelu zaharreko dorreen zimenduak Santa Barbaran, neurri handiko bost erretaula, irudi erlijiosoak, muralak, beirateak eta eskulturak.

Era berean, Arrasate inguratzen duen ingurune naturalaren ikuspegi berri bat ere eskaintzen du proiektuak, baita eraikin historiko garrantzitsuenetariko batzuen 3D modelatzea ere; hala nola Elma, Art Déco estiloko eraikin industrial zaharra eta Vasco-Navarro trenaren geltoki historikoa. Azkenik, Andikano Loiola jauregiko egurrezko galeriak ezkutatzen duen ezkutu heraldikoak ere ikus daitezke.

Berrikuntza digitalean jauzia

Ekimen horrekin, nabarmendu dutenez, Arrasatek "jauzi esanguratsua" egin du berrikuntza digitalean, kultura eta ondarearen dibulgazioari aplikatuta, "bere ondare historikorako sarbidea bermatuz plataforma irisgarri eta berritzaile baten bidez". Hiru hizkuntzatan erabili daiteke aplikazioa: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak