"Herri hezitzaile baterantz" egiteko hezkuntza diagnosia aurkeztu dute

Julen Murua Mesonero 2025ko mar. 10a, 13:25

Hiru arlo nagusi nabarmendu dituzte ondorio gisa, eta aurrerantzean "hezkuntza kontseilua sortzea eta herri hezitzaile filosofia berreskuratzea" izango dira egiteko nagusiak.

Arrasateko Udalak, Arrasate Herri Eskolak, Institutuak eta Arizmendi Ikastolak elkarlanean, herriko hezkuntza diagnostikoa aurkeztu dute. "Azken urteetan hezkuntzaren gaiak herritarrengan, ikastetxe zein familietan eta, oro har, herrigintzan eragiten duen kezkatik abiatuta" sortutako diagnosia dela dio Herri Eskolako zuzendari Iratxe Salaberriak, "hezkuntza formalaren eta ez formalaren eremuko diagnosia egiteko prozesu bat", hain justu. Salaberriaren esanetan, "egungo herriko hezkuntza eremuaren osasuna aztertu, eta, elkarrekin, aurrera begira egiteko modu berriak partekatu eta adostu" dituzte.

Hiru arlotan oinarrituta

Diagnosian batu dituzten datuak aztertu ostean, hiru arlotan banatutako ondorioak identifikatu dituztela adierazi du Arizmendi ikastolako zuzendari Illart Azkaratek: euskara, inklusioa eta bizikidetza eta herri kohesioa. Euskarari dagokionez, "eskola eremutik haratago gazteen artean euskararen erabilera areagotzeko testuinguruak sortzea eta herrian euskara ikasteko aukerak zabaldu eta baliabide gehiago jartzea" nabarmendu ditu Azkaratek. Inklusioari dagokionez, garrantzia eman dio zuzendariak "jatorri atzerritarreko familietako haur eta gazteen migrazio prozesuen eraginen lanketa egiteari, inklusiorako oztopoen kontzientzia herrian zabaltzeari edota aniztasunaren balioa hedatzeari". Azkenik, bizikidetzaren arloan, "eskolaz kanpoko eskaintza kohesio aukera bihurtzeko erronka eta haur eta gazteen babeserako prebentzioa eta tratu onak herriko bizikidetzarako palanka bihurtzeko erronka" nabarmendu ditu.

Diagnostikotik plan estrategikoa

Arrasateko hezkuntza diagnosia eginda, "herri hezitzailearen filosofia berrekuratzeko, eguneratzeko eta baliatzeko aukeraz" jardun du Udaleko Hezkuntza zinegotzi Jasone Giraldok. Horretarako, "hezkuntza komunitateaz arduratuko den kontseilua eratzeko zerbitzua kontratatuko du" Udalak, eta kontseilua osatzeko, ikastetxeez gain, herriko eragile ezberdinei "bertan parte aktiboa izateko gonbita" luzatuko die, horrela, "ikuspegi komunitario batetik, hezkuntzaren egungo beharrei modu transbertsalean aurre egiteko tresnak eta baliabideak aztertu eta garatuko ditugu", adierazi du Giraldok.

Azkenik, Udal Gobernuaren asmoa da herri hezitzailearen filosofia berreskuratzea. "Hala, hezkuntza bera, prozesu gisa ere, kontzientzia kolektiboa sortzeko, herritartasun aktiboa bultzatzeko eta ahalduntze pertsonal zein sozialerako tresna bilakatzen da". Modu horretan, 2015ean bertan behera utzitako Arrasatek Hezi "proiektuaren arima" berreskuratzea da helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak