Haize zakarra izan da gaurko norgehiagokan, Mojategin. Harmailetan nabaritu dute ikusleek eta baita berdegunean jokan aritu direnek ere. Hala ere, eguraldiari errua bota gabe, 19. minutuan iritsi da aurkarien gola, eta, 0-1ekoa. Falta bat zuzenean Mondrako atera jaurti du Deustuko jokalari batek, eta, atezainak baloia ukitu duen arren, eskuetatik ihes egin eta ate barrura sartu da. Markagailua 0-1 zegoela amaitu da lehenengo zatia.
Kapitainaren golarekin, puntu bakarra
Bigarren zatian, berriz, markagailuari buelta emateko asmoz irten dira berdegunera Jorge Davilaren mutilak, eta, berdinketa ere lortu dute. 1-1 jarri da markagailua 48. minutuan, loratutako baloi bat, buruz ondo errematatu duenean Iñigo Arizmendiarrieta kapitainak. Baloia zutoinera pegatuta errematatu du, eta aurkarien atezaina ez da iritsi baloia ukitzera.
Partidua amaitu arte, bi taldeek izan dituzte aukerak. Mondrak gehiago izan ditu, akaso, baina, gola falta izan zaio. Hori horrela, 27 punturekin 13. postuan dago sailkapenean, eta, Añorgaren aurka jokatuko du hurrengo jardunaldia etxetik kanpo.
Aloñak eta Bergarak galdu
Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako gainontzeko taldeek, berriz, galdu egin dute asteburuan. Anaitasunak 1-0 garaitu du Aloña Mendi, eta, Real Unionek 6-1 irabazi dio Bergarari.
Berdinketa Aretxabaletak
UDAK etxean jokatu zuen Santurtziren aurka, eta 1-1 amaitu zen partidua. Lehenengo gola 37. minutuan egin zuen etxeko taldeak, hain zuzen ere, Josu Aizpuruak egindako golari esker. Bigarren zatian, partidua amaitu aurretik 81. minutuan, berriz iritsi zen aurkarien berdinketaren gola, eta, hala amaitu zen partidua.