Navas de Tolosa kaleko ekitaldira arrosak eskutan zituztela agertu dira Carrasoren gertukoak. Marian Romero Isaias Carrascoren alarguna eta Sandra Carrasco alaba joan dira lehen lerroan Andueza eta Asensiorekin. Alderdi sozialistako beste hainbat politikari ere bertan izan dira. Aritz Murua, Arrasateko PSE-EEko bozeramailea, esaterako, edo Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria, Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendaria eta Bergarako alderdi sozialistako zignegotzia ere han izan da, besteak beste.
Maria Ubarretxena alderdi jeltzaleko Arrasateko alkate ohia eta gaur egungo Eusko Jaurlaritzako bozeramailea ere izan da ekitaldian, baita, Arrasateko egungo zinegotzi jeltzaleak ere. Gaur egungo alkatea, Maider Morras ere bertan izan da, Jasone Giraldo EH Bilduko zinegotziarekin batera.
Biktimak "eredu"
Anduezak hartu du hitza ekitaldian, eta eskerrak emanez hasi da, eta Isaias Carrasco eredu izan dela azpimarratu du. "Biktimen oroimena, duintasuna, beti goi-mailan jarri behar dugu. Hemen batzuek oraindik ez dute ulertu biktimak beti eredu izan behar direla". Horri lotuta, honakoa gaineratu du Arrasateko alkateari begira: "Alkatea hemen dagoela aprobetxatuta, oraindik jende asko dago Sandra eta Marian moduko biktimei errespetua faltatzen dietenak. Etxetik irten eta euren aurrean duintasunaren aurkako pankartak daudela ikusten dute, min sakona probokatuta. Mesedez, egin zerbait hori ez gertatzeko, hitz egin errudunekin".
Anduezak "printzipio demokratikoak" aldarrikatzeko ere aprobetxatu du hitzartzea: "Askatasunean bizi gara, euskal gizartearen zati batek ETA garaitzea lortu zuelako. Urte horietan egunero irteten ginen kalera, beldurra izanda ere, balio eta printzipio demokratikoak aldarrikatzera. Gaur egun ditugun balioak. Gu izan ginen bakea eta askatasuna lortu genuenak. Egia, duintasunez betetako memoria aldarrikatu du. Haien memoria inoiz baino gaurkoagoa eta egiazkoagoa izan dadin, haien eredua jarraitu behar dugu mundo hobe baten alde.
Gaineratu duenez, egun hura euren bizitzako "egunik gogorrenetakoa" izan zen. "Kendu zigutena inork ez digu itzuliko".
17. urteurrena
2008ko martxoaren 7a zen, egubakoitza, 13:30. Aurreko agintaldian PSE-EEko zinegotzi izandako Isaias Carrasco tirokatu zuen ETAk etxe aurrean, San Andresen. Hauteskunde orokorrak egin baino bi egun lehenago hil zuten, hauteskunde-kanpainan, lanera joateko bere autora igo berritan. Arrasaten zinegotzi izan zen 2003 eta 2007 artean. 42 urte zituen, ezkonduta zegoen eta hiru seme-alaba zituen.