Marga Mercader eta Eugenio Garcia omendu ditu Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeak

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko mar. 7a, 20:08

Eurek biek sortu zuten txikienei dantzan erakusteko Txikitxu izeneko taldea duela 55 urte, eta hasiera hori eskertzeko ekitaldia izan da omenaldia. Txikitxu-Arroztaitzen historia laburtzen duten erakusketa ere gaur zabaldu dute Kulturateko klaustroan; argazkiak, jantziak, musika instrumentuak zein dantzarako elementuak ditu ikusgai.

Txikitxu-Arrostaitz dantza taldearen 55. urteurrenaren barruan, omenaldia egin diete gaur iluntzean taldearen sortzaile izan ziren Marga Mercaderri eta Eugenio Garciari. Seber Altube plazan izan da ekitaldia. Txistulariek –Eugenio tartean– musika jotzen zuten bitartean, aurreskua dantzatu diete Txikitxu-Arrostaitzeko dantzariek eurendako "erreferente" izan diren senar-emazteei, eta lore sorta bana oparitu.

Kalejiran, Kulturateko klaustroraino joan dira denak segidan eta euren lana eskertzeko hitza hartu dute dantza taldekoek eta Maider Morras alkateak. Txalo zaparradarekin bukatu dute esker ekitaldi hori eta erakusketa ikusten gelditu dira gero hara joandako asko.  55 urte dantzan izenekoa da hilaren 27ra arte zabalik egongo den erakusketak. Belaunaldi ezberdinek erabili dituzten arropak, argazki zaharra, musika tresnak eta dantzarako erabiltzen dituzten elementuak daude ikusgai. "Argazkiak batzen herriko beste eragile batzuk ere lagundu digute, argazki taldeak esaterako. Taldeko kideonak dira beste batzuk eta asko Margak eta Eugeniok eurek etxean gordeta zituztenak", azaldu du erakusketa antolatzen ibili den Ane Sanchezek.

Mercader eta Garcia, berriz, ez dira gai izan hitza hartzeko. "Beraiek pentsatzen zuten erakusketaren irekiera ekitaldia zela, ez zekiten omenaldiarena. Bestela, agian etorri ere ez ziren egingo; beti ibili dira jendearekin eta herrian batera eta bestera, baina lotsatiak dira eurak eta gaur hunkitu egin dira", zioen ekitaldiaren amaieran euren alaba Miren Garciak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak