Negozioei jarraipena emateko errelebo bila dabiltzanentzako programa

Goiatz Arana Begiristain 2025ko mar. 7a, 16:53

ASLE Euskadiko Enpresa Elkarteak Esku-Aldatuz programa aurkeztu du goizean Arrasaten, Debagoieneko Mankomunitatearen egoitzan. Errelebo bila dabiltzan edo esku-aldatze prozesuetan dauden enpresei laguntzea da programaren helburua, negozio proiektuen jarraipena eta kontserbazioa bermatzeko.

Enpresa transmititzeko prozesuan babesa eta aholkularitza eskaintzen ditu elkarteak, programaren bitartez. Prozesu luze eta konplexuak izaten dira, ordea, eta horregatik badira kontuan hartu beharreko hainbat faktore: denborarekin hastea edota kultura-transmisioa lantzea.

Hainbat fase ditu prozesuak: jabeekin elkarrizketak, enpresaren egoeraren azterketa, bideragarritasun-diagnostikoa, transmisio-aukerak, abiapuntuko prezioaren identifikazioa, erosle potentzialei aholkularitza eta laguntza ematea… Baina enpresetara iristea da horien guztien artetik lehena eta, sarritan, zailena. Horregatik, preskriptoreak batu dituzte gaurko aurkezpenean: mankomunitate, garapen agentzia, udal edota aholkulariak, horietako atea izaten delako, maiz, enpresek jotzen duten lehena. Beharra areagotzen doa, gainera, industria sektorean eta merkataritzan, batez ere.

Informatzearen garrantzian jarri du azpimarra Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziako arduradun Koldo Azkoitiak, eta pausoa ematera gonbidatu ditu enpresak. 2020an hasi ziren gaurkoa moduko jardunaldiekin, Geroa Bermatuz programaren bitartez. Hainbat izan dira, orduz geroztik, negozioa oinordekoen eskuetan utzi duten enpresak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak